Kazeta

Ipar Euskal Herriko 550 hautetsik bake prozesuan inplikatu daitezen eskatu diete Estatuei

Ipar Euskal Herriko 550 hautetsi baino gehiagok Gobernu frantsesari gutun bat helarazi diote abenduaren 23an. Agirian, Estatu frantses eta espainiarrari "armagabetze prozesuan eta gatazkaren konponbidean inplika daitezen" aldarrikatu diete.

Hautetsiak Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira agiriaren berri emateko. ©Isabelle MIQUELESTORENA
Hautetsiak Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira agiriaren berri emateko. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herriko hautetsiek Luhusoko operazioari eta bake prozesuari buruzko gutuna helarazi diote Gobernu frantsesari. Izenpetu duten hautetsiak Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira agiriaren berri emateko. Hautetsien ordezkaritza bat Catherine Seguin suprefetarekin bildu da gutuna emateko. Orotara, 550 hautetsi baino gehiagok izenpetu dute. Ipar Euskal Herriko 158 auzapezetik 80k gutunarekin bat egin dute.

Gaurko agerraldian kolore anitzetako hautetsiak presente zeuden. Hala nola, Max Brisson departamenduko kontseilaria, Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza, Iker Elizalde Hendaiako hautetsi abertzalea, Michel Veunac Biarritzeko auzapeza, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapeza eta Alice Leiciagueçahar EELV alderdiko kidea, besteak beste. Azpimarratzekoa da Ipar Euskal Herriko bost parlamentariek, hots, Jean-Jacques Lasserre, Jean Lassalle, Sylviane Alaux, Colette Capdevielle eta Frédérique Espagnac agiria izenpetu dutela.

Gutunaren izenpetzaileek Luhusoko operazioarekin "hunkituak sentitzen" direla adierazi dute. Atxilotu zituzten bost lagunak pertsonalitate ezagunak eta bakearen alde engaiatuak direla nabarmendu dute.

"Euskal Herriarentzat bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat nahi" dutela azpimarratu dute. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaie "presoen egoera eta biktima guztien sufrimenduak kontutan hartzea".

"Konbentzimendu osoa baitugu desarmea berehala martxan ezarri behar dela, jendarte zibila ez dadin behartua sentitu arartekari izatera, Luhuson gertatu bezala. Guk Euskal Herriko hautetsiok, frantziar eta espainiar estatuei eskatzen diegu desarme prozesuan eta gatazkaren konponbidean inplika daitezen", plazaratu dute.