Kazeta

Larzabaleko osasun etxea estreinatu dute

Urte zenbaitzuz diziplina anitzeko osasun etxearen egitasmoa itzalean egon ondoren, desmartxa pribatu bati bidez proiektua berpiztu dute. Horri esker, Larzabaleko osasun zentroa estreinatu dute abenduaren 17an.

Larzabaleko osasun etxea abenduaren 17an estreinatu dute. ©Erik Ugarte
Larzabaleko osasun etxea abenduaren 17an estreinatu dute. ©Erik Ugarte

Badira zenbait aste osasun arloko hainbat profesional Larzabaleko osasun etxean elkartuak direla. Eric Ugarte kinesiterapeutari esker egitasmoa bururaino eraman dute. Azken horrek 2013an bertan behera gelditu zen diziplina anitzeko osasun etxearen segida hartu du. Proiektuak, garaian, osasun desertifikazioaren kontra jotzeko xedea zuen.

Larzabaleko herriak zentroa sortzeko ideia ukan zuen 2008an. Iholdi-Oztibarreko herri elkargoak segida hartu ondoren, bertan behera gelditu zen. Hautetsiek proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan eman zuten, azaldu du Larzabaleko auzapeza den Jules Larramendyk.

Ruspil herriko medikuak, erretretara joan ondoren, bere postua ordezkatzea premiazkoa bilakatu zen Herriko Etxearentzat. "Donapaleuko medikuak laguntza eskaini zuten eta herrira etorri ziren kontsultak ziurtatzeko", aipatu du.

Eric Ugartek gidatu duen desmartxa pribatuak proiektua berpiztea ahalbidetu du. Hain zuzen, kinesiterapeutak herriak proiektuarentzat garaian aurreikusitako lurraldearen erdia erosi du. Hots, 2.500 metro karratu. "Lehen proiektuan parte hartu nuen", nabarmendu du.

Etorkizunari so

Osasun zentroak 320.000 euroko aurrekontua du. Egoitza osatzen duten 170 metro karratuetan sei gela eraiki dituzte. Bertan, Eric Ugarteren zerbitzuetaz gain, pedikuro-podologo bat, ortofonista bat eta lau erizain presente dira.

Zentroa urrian martxan jarri dute eta Ugartek, jada, etorkizunari pentsatzen du. "Egoitza handitu nahiko genuke. "Birgaitze ariketak egiteko igerileku bat sortu nahiko genuke", gehitu du. Gainera, beste hainbat profesionalengandik eskaerak jaso dituela erran du. Hala nola, dentistak eta osteopatak.