Kazeta

Manifestaldi jendetsu batek bakea galdegin du Baionako karriketan

[BIDEOA] Sentsibilitate anitzetako eragile eta herritarrak bildu dira Baionan, Luhuson atxilotutakoen askapena galdegiteko eta bake prozesuan urrats berriak galdegiteko. Lau mila pertsona inguru ziren.

"Bakearen alde!" zioen Baionako manifestaldia ideki duen banderolak. Bezperan atxilotu dituzten "bakegileen" sostenguz 4.000 pertsona bildu dira Baionako karriketan larunbat arratsalde honetan. Ordu gutitan antolatua izan den manifestaldi jendetsu batez adierazi dute herritarrek barda Luhuson izan zen operazioaren errefusa.

Euskaldunen Plazatik abiatu eta Roland Barthes esplanadara heldu den manifestaldia "Atxilotuak askatu!" oihuen artean iragan da, hamar bat traktore aitzinean zirela. Manifestaldia hasi baino lehen agertu diren sostenguen aniztasunak iragartzen zuen bezala, kolore politiko anitzetako jendea elkarretaratu da. Tartean, parlamentari sozialistak, tokiko eskuineko hautetsi esanguratsuak, baita Alice Leiciagueçahar (EELV), Adolfo Muñoz "Txiki" (ELA), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Ainhoa Etxaide (LAB) eta EAJ-ko Luke Uribetxeberria eta Joseba Agirretxe. "ETA-ren armagabetzearen bidean jarritako oztopoak kaltegarriak dira bakerako", adierazi du azken horrek Twitterren.

Jendea karrikan bildu baino lehen bi agerraldi izan dira arratsalde hasieran, mezu bateratuak hedatzeko parada izan da eragile anitzentzat. Hogei eta sei bat hautetsik izenpetu duten testuak Luhuson atxilotutako pertsonekilako sostengua adierazten du, "armagabetzea gatazkaren konponbiderako baitezpadako baldintza" delako beste arrazoien artean.

Gainera, Estatu frantses eta espainiarrei armagabetze prozesuan eta orokorki gatazkaren konponbidean eskua hartzeko galdegiten diete. Abisatzen diete, gainera, "gaur atxilotutako pertsonalitateetaz gain, jendarte zibileko beste eragile batzuek segituko dute, hain den handia euskal jendartearen bake gogoa".





Ordu batzuk lehenago, toki berean, eremu anitzetako eragileek, Michel Berhocoirigoinek, Txetx Etcheverryk eta Michel Tubianak izenpetu testua bere egin dute. "Ez daukagu harremanik ETArekin, are gutiago mendekotasunik. Ekimenarekin bat egiten dugu atxilotuen baloreekin bat egiten dugulako, uste dugulako beraiek defendatzen duten filosofiak eraman gaitzakeela benetako bake-bidea idekitzera", erran dute.

Xabier Anza ELAko kidea eta Anaiz Funosas Bake Bideako ordezkariek protagonisten inplikazioaren faltan, baina, jendarte zibilaren papera aldarrikatu dute bakean oinarritutako elkarbizitza erdieste bidean: "Elkarrizketa nahi dugu. Nazioartea inplikatu egin da eta beharrezkoa da ere estatuen inplikazioa bake prozesu bat aurrera eramateko".

Hori heldu bitartean, atxiloketek sortu duten engaiamendu gogoari segida bat emateko, gogoetatzeko eta ondoko urratsak zehazteko, bilkura bat izanen da heldu den astelehenean, Baionan, zazpi herrialdeetako eragileei idekirik.