Kazeta

Polizia operazioa burutu dute Luhuson

Polizia operazio bat burutu dute abenduaren 16an Luhuson. Itxura guzien arabera, bost dira atxilotutakoak, horietako bi eragile ezagunak: Michel Berhocoirigoin eta Txetx Etxeberri. Mediabask atariari bidali gutunean ETAren armategiaren zati bat desegiteko hartu duten engaiamendua azaldu dute.

Hamarka herritar miatu duten etxebizitzara hurbildu dira. ©Bob EDME
Hamarka herritar miatu duten etxebizitzara hurbildu dira. ©Bob EDME

Estatu frantseseko poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean burutu operazioan bost pertsona atxilotu dituzte Luhuson abenduaren 16an. Horien artean, Michel Berhocoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganbarako presidente ohia eta Txetx Etxeberri Bizi mugimenduko kidea. Bakearen alde engaiatuak diren eragileak dira. Engaiamendu hori bururaino eraman dute eta hala azaldu dute Mediabaskek argitaratu gutunean.

Urriaren 3az geroztik hiru eragile hauek ETAren desarmatzean engaiatu dira. "Desarmatze prozesuari ekiteko" asmoa zutela jakinarazi dute eskutitzean. Horretarako, ETAren armategiaren %15a inguru desegiteko prozesua abiatu zuten.

Bidali agirian beren desmartxaren arrazoiak azaldu dizkiote euskal jendarteari. "Euskal Herriak etorkizun demokratiko eta indarkeriarik gabekoa edukitzeko" bere ekarpena egin nahi izan dutela nabarmendu dute. Horretarako, beren aburuz, desarmatzea "bandintza funtsezkoa” da. Halaber, gaur egungo egoera "absurdoa" dela diote. "Erakunde armatu batek armak eman nahi dizkio horri ezeztatzen duen estatuari", erantsi dute.

Gizarte zibilari zuzendu deia

"Desarmatze ordenatu eta kontrolatuaren beharra sostengatzeko" Gizarte zibila hautetsi guziak masiboki elkartzeko deia luzatu diete. Ildo horretatik, manifestazio bat antolatuko dute abenduaren 17an Baionan. Arratsaldeko 16.00etan Euskaldunen plazatik abiatuko den ekimena "Bakearen alde, liberté pour les artisans de la paix" lemapean iraganen da.