Kazeta

Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa jarri dute

Egoitzaren jabe den APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa aurkeztu du. "Kalte moralak" sortzea leporatu dio. Etxetik kanporatzeaz gain, gazteei isunak ordaintzea aldarrikatu die. Gaztetxeak lanean segituko duela azaldu du.

Hendaiako gazteek Itsas erietxearen eraikin bat okupatu zuten ekainean. ©Hendaitz Gazte asanblada
Hendaiako gazteek Itsas erietxearen eraikin bat okupatu zuten ekainean. ©Hendaitz Gazte asanblada

Hendaiako Sasiko Gaztetxearen egoitza APHP Pariseko Ospitaleak erakundearena da. Azken horrek bertan eraiki duten gaztetxearen kontrako prozedura judiziala hastea erabaki du. Hendaitz Gazte asanbladak jakinarazi duenez, etxea kaltetu izana leporatu dio. Herriko Etxeari auzian engaiatzeko eskatu dio. Halaber, beren "txikitasunetik, ez diola gauzak erraz egiten utziko" nabarmendu du.

Ekainaren 11n gazteek Orio auzoko etxe abandonatu bat okupatzea erabaki zuten. Geroztik egoitza berritzeko lanak burutu eta Sasiko Gaztetxea eraikitzen joan dira. Urriaren 1ean ofizialki estreinatu zuten egun osoko ospakizunarekin.

Agiri baten bidez kideek aipatu dutenez, beti argi izan dute "bide ilegaletik" aritzen zirela. Haatik, pausu guztiak "publikoki" eman dituztela azpimarratu dute. APHP egiturak etxetik kanporatu nahi ditu eta isunak ordainarazi nahi dizkie, hots, kalte-ordainak eta abokatu gastuak. Gaztetxeak erabakia "surrealistatzat" jo du. "Hau da sistema kapitalistaren aurpegia, handiak lagundu eta txikiak zapaltzen dituenaren aurpegia", erantsi du.

Oneka Jauregi gaztetxeko kideak prozeduraren dokumentuak Herriko Etxeari bidali dizkietela aipatu du. "Prozedura judizial arrunta denez, epe laburrean ez dago kanporaketa arriskurik", esplikatu du kideak.

Gaztetxeak egoitza "berea bezala" sentitzen duela adierazi du. "Bide guztiak agortuko ditugu ahalik eta denbora gehien irauteko bertan", aipatu du. Etxea "denena" dela kontsideratzen duenez, "denok" inplikatzeko beharra nabarmendu du.

Nahiz eta prozedura hasi den, gaztetxeko kideak lanean segituko duela erran du. "Sostengatu behar da. Kanporatu nahi gaituzten arren, gaztetxera gehiago hurbildu behar da orain", erantsi du. Ildo horretatik, azaroaren 26ean auzolan bat antolatuko du gaztetxean. Hain zuzen, leihoak konpontzeaz gain, musika-entsaio gela bat prestatuko du.