Kazeta

Fernandez Iradi askatzearen aldeko "giltzak" Baionan

Ibon Fernandez Iradi eta larriki dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatu dute Baionan azaroaren 19an. Bagoazek antolatu manifestazioak 2.200 pertsona inguru bildu ditu. Parte hartzaileek Estatuei bake prozesuaren alde engaiatzea fermuki eskatu diete.

Ibon Fernandez Iradiren kasua aztertuko du Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak azaroaren 24ean. ©Bob EDME
Ibon Fernandez Iradiren kasua aztertuko du Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak azaroaren 24ean. ©Bob EDME

Baionako karrikak eri diren presoek pairatzen duten salaketetaz bete dira. Bagoazek "Gu Gira Giltza!" lemapean antolatu manifestazioak Ibon Fernandez Iradi eta gaixorik dauden presoen askatasuna aldarrikatu du. Arratsaldeko 17.00ak aldera parte hartzaileak hurbiltzen hasi dira Baionako Euskaldunen plazara. Orotara, 2.200 pertsona inguruk mobilizazioan parte hartu dute. Horien artean, besteak beste, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatu sozialistak, Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza, Philippe Poutou Alderdi Anti-kapitalistako kidea eta Rufi Etxeberria Sortuko kidea.

Bagoazek gaixorik dauden euskal presoek pairatzen dutena gogora ekarri du. Presondegiek eritasunak okertzen dituztela nabarmendu du. Horretaz gain, euskal presoei aplikatzen zaien salbuespeneko politika salatu du. Hau da: "dispertsioa, urruntzea, isolamendua, konfiantzazko medikuek beren pazienteak ikusteko debekua...".

Gaur egun "eritasun larriak eta senda ezinak dituzten" hamaika euskal preso politiko daudela oroitarazi du. Josetxo Arizkuren Ruiz, Garikoitz Arruarte Santa Cruz, Jagoba Codo Callejo, Iñaki Etxeberria Martin, Gorka Fraile Iturralde, Aitzol Gogorza Otaegi, Ibon Iparragirre Burgoa, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Txuz Martin Hernando, Joseba Borde, eta Ibon Fernandez Iradi, hain zuzen. Horien argazkiak manifestazioaren hasieran ikusgai zeuden.

Fernandez Iradiren kasua aztertuko du Pariseko Zigorren Aplikazio Ganbarak azaroaren 24ean. Besteak beste, mobilizazioarekin bat egin duten EH Bai, Bizi elkartea, Etxerat, Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkarteak, Euskal Herriko Abokatuen sindikatuak bere zigorra etetea aldarrikatu dute.

Bakearen aldeko engaiamendua

Bagoazek Fernandez Iradi preso atxikitzeagatik bere eritasuna azkarrago garatzen dela dio. "Eritasun hori, askatzen badute eta bere osasun egoerak behar dituen arta eta zaintza jasoko baditu soilik borrokatu daiteke eraginkorki", erantsi du. Gainera, bake prozesuaren aldeko engaiamenduak hartzea eskatu die Estatu frantses eta espainiarrari. "Ibonen galdearen aurka joanen litzatekeen epaiak oinarrizko eskakizun humanitarioen aurka joateaz gain, Euskal Herrian masiboki eskatzen denaren aurka ere joko luke", azaldu du.

Ildo horretatik, euskal presoaren askatzea ahalbidetuko duen erabakia espero duela aipatu du. "Hemen gara antolatzeko eta egoera honekin bukatzeko. Bakoitzak bere maneran parte har dezake dinamika honetan: aska ditzagun!" ozen entzunarazi du kolektiboak Baionan.