Hemendik bi astera asteburuetan ezingo dira txartelak erosi Donibane Lohizuneko tren geltokiko txarteldegian. Neurri berria plantan ezarriko dute urte hasieran Hendaian. SNCFk burutzen duen politika "eskandalu" bat dela salatu du CGTk. "Tren geltokietan gizatasuna kenduz zerbitzu publikoen kalitatea okertzen duela" nabarmendu du.
Sébastien Geles CGTko kideak Donibane Lohizunen SNCFen asmoa txarteldegi guztiak hestea dela iragarri du. Gaur egun egunero bost orduz irekiak direla azaldu du. Gainera, Biarritzeko tren geltokian antzeko murrizketak aurreikusi dituztela aipatu du.
Sindikatuak hogei lanpostutik sei galdu direla azaldu du. Bere aburuz, bereziak diren tren geltokietan, Hendaian adibidez, zerbitzuan eraginak izanen ditu. "Erran digute zerbitzuak indartuko dituztela uda eta bakantzetan, baina langileen iritzia eskatzen ez duen politika horrekin lortzen duten gauza bakarra prekarietatea garatzea da", gehitu du.
Egoeraz eztabaidatzeko, sindikatuak eskualdeko presidentea den Alain Rousset eta hunkituak diren herrietako auzapezekin bilkurak eskatu ditu. Halaber, izenpetura bilketa bat martxan jarri du tren geltokietan, baita Internet bidez ere.
Gaueko trena
Sindikalistak desagertuko litzatekeen beste tren baten aldeko desmartxa abian dagoela oroitarazi du: Hendaia-Parisekoa, hain zuzen. Zerbitzu hori mantentzeko izenpetura bilketa antolatu du Internet bidez.
"Hasiera batean erran ziguten zerbitzu hori uztailean desagertuko zela. Ondotik, ziurtatu digute Bordele-Parise arteko AHTa martxan jarriko delarik bertan behera utziko dutela. Bi ordutara dagoen tren bat hartzea aterabide bat balitz bezala", aipatu du Gelesek. Halaber, Hendaia-Tolosa arteko tren ibilbidea arriskuan dagoela iragarri du.
"Politika honekin kutsakorragoak diren garraioak hartzea bultzatzen du, hegazkina edo autobusa bezala", gehitu du.