Iurre BIDEGAIN

Josu Urrutikoetxearen bikotearen etxebizitza miatu dute Angelun

Poliziak Josu Urrutikoetxearen bikotearen etxebizitza miatu zuen urriaren 12an Angelun. Aldi berean, beste miaketa bat burutu zuen Urrutikoetxearen lagun baten etxean, Durban-sur-Arize herrian, Ariège departamenduan.

Josu Urrutikoetxea iruditan. © Gari Garaialde
Josu Urrutikoetxea iruditan. © Gari Garaialde

Poliziak, Josu Urrutikoetxea atzeman nahian, bere bikotearen etxea miatu zuen urriaren 12an Angelun. Bikoteak azaldu duenez, goizeko 11.00k aldera hamar bat polizik etxe guzia miatu zuten.

Polizia ailegatu eta "José Antonio Urrutikoetxea etxebizitzan zegoenez ziurtatzeko" etxea miatzeko baimena erakutsi zion bere bikoteari. Azken hori bere hiru urteko alabarekin zegoela eta, kasu emateko eskatu zien poliziei. Miatzeko baimena Pariseko auzitegiak eman zuela aipatu du.

"Denetan bilatu zuten, baina segurtamenik gabe", erantsi du. Bikotearen aburuz, poliziak bazekien ez zuela Urrutikoetxea bertan atzemanen. Polizia batek honako esaldia erran zion: "soldaduak gara, aginduak betetzen ditugu".

Ordu eta erdiz etxea miatu eta argazkiak atera zituzten, kanpoaldean, gela guzietan... Etxean zegoen ordenagailu eta disko gogor baten kopia egin zuten. Halaber, bikotearen mugikorra esku artean izan zuten. Bikotearen etxearen ondoan zendu diren bere burasoen etxean ere sartu zen polizia.

Bigarren miaketa bat

Angeluko etxea miatu zuten memento berean, beste bat burutu zuten Urrutikoetxearen lagun baten etxean, Durban-sur-Arize herrian. Laguna ez zegoen etxean, baina bai bere arreba.

Ez da lehen aldia Urrutikoetxearen bikotearen etxea miatzen dutela. Hain zuzen, oroitarazi duenez, aspaldi Tolosan ere miaketa bat egin zuten.