Xiberoko Botza

Axuria kooperatibak Mauletik Sohütara eramanen dü aktibitatea

Urte gora beherratsüa izanik ere, Axuria kooperatibak iragan den urteaz bilan baikorra egin dü eta 2017an xede berri bat bideratüko dü.

 Eraikin berria 900 metro karratüzko izanen da. ©Xiberoko Botza
Eraikin berria 900 metro karratüzko izanen da. ©Xiberoko Botza

Xiberoa Herri Alkargoa eta hiltegiko ardüradünekin ezin akomeatüz, Axuria kooperatibak haragiaren pikatzeko ateleria Sohütan eraikiko düala baieztatü züan, ürrietaren 7an Urdiñarben egin zen biltzar nagusian.


Xedea Mauleko hiltegiari lotürik egoteko asmoa bazen ere, kooperatibak beste bide baten hartzea behartürik izan da. Inbestizamentüa millioi eta erdi eurokoa izanen da, lanak dagün urte hatsarrean hasiko dira eta 2017 ondarreko ürrentürik izan behar lirateke. Kooperatibako ardüradünek esperantxa düe, Akitania Berria eskualdeko haütetsiek adierazi züen süstengüa berritsiko düela laster. 900 metro karratüzko eraikin berrian, axurien eta behikien mozteko gelak badirateke, baita ere bülegoak eta paketatze eta bildatze leküak.


2015/2016 urteko bildüma egin zen biltzar nagusian. Axurkia sailan, kooperatibako 215 kideek, 41.517 axuri ekarri dütüe kooperatibara eta bataz beste 3,68€/kiloka ordaindürik izan zaie. Kooperatibak beste 8.744 axuri erosi dütü kanpoan, bereziki Lur Berri kooperatibari. Orotara, urte hartan, Axuriak 50 261 axuri saldü dütü.


Behikia sailan, 104 kideek 150 behi eta 130 xahal ekarri dütüe. 
Azken urte horietan, sail hori garapen ederra ezagützen dü, kontestua alde ez bada ere. Urte hastapenean iragan zen Mauleko hiltegiaren zerratzeak eta haragiaren kontsümoak ezagützen düan gibeltzeak  ez düe ondorio handirik eragin kooperatiaren salmentetan azpimarratü deiküe Xiberoko kooperatibako ardüradünek.