Kazeta

Audientzia Nazionalak "Naparra" bilatzeko eskaera egin du

Audientzia Nazionalak "Naparraren" auzia berriz idekitzea galdegin du. Iragan astean, abokatu eta senideek gorpuaren kokapenari buruzko informazioa jaso zutela azaldu zuten: Mont-de-Marsanen, hain zuzen. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorearen aburuz, eskaera gauzatuko balitz, Landesetako prokuradorea arduratuko litzateke.

Paco Etxeberria, Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin. (NAIZ.EUS)
Paco Etxeberria, Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin. (NAIZ.EUS)

Audientzia Nazionaleko prokuradoreak José Miguel Etxeberriaren, "Naparraren", gorpua Landesetan bilatzeko eskatu du. Iragan astean, Paco Etxeberria auzi medikuak eta "Naparraren" senideek gorpuaren kokapenari buruzko informazioa jaso zutela azaldu zuten. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea Mont-de-Marsaneko harizti batean lurperatu zutela esplikatu zien "Estatu terrorismoarekin" lotutako iturri batek.

Javier Zaragoza Audientzia Nazionaleko prokuradoreak Ismael Moreno epaileari bidali gutun batean "Naparraren" senideek gorpuaren kokapenari buruzko datuak aurkeztu dituztela aipatu dio. Horiekin hilotzaren "leku zehatza" identifika daitekeela erran dio.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak, kasu honetan, eskaera gauzatuko balitz, Mont-de-Marsaneko prokuradorea bilaketaz arduratuko litzatekeela azaldu du. Esplikatu duenez, Audientzia Nazionalaren eskaera gauzatzeko "egunak edo hilabeteak pasa daitezke"; "ez dago arauik".

Audientzia Nazionaleko prokuradorearen aburuz, garaian Baionako Auzitegiak egin ikerketak ez zuen ondoriorik ekarri. Halaber, Batallón Vasco Espainoleko Ladislao Zabala eta Ignacio María Iturberi hartutako deklarazioek frantses nortasuna zuketeen mertzenario batzuk jarri zituzten jomugan. Azkenean, 2004ean hetsi zuen "Naparraren" auzia Audientzia Nazionalak.