Iurre BIDEGAIN

Herri Uzta: Soka Dantzari keinu eginez, txistuaren soinua hedatu

Urriaren 6tik 9ra iraganen den Herri Uzta festibalak Soka Dantza gai nagusitzat hartuko du. Gainera, 5. edizioak Euskal Herriko Txistu elkartearen partaidetzarekin burutu egitasmoa estreinatuko du: "Euskal Herriko txistu hedapena".

Herri Uzta festibala urriaren 6an abiatuko da hitzaldi batekin. ©Herri Uzta
Herri Uzta festibala urriaren 6an abiatuko da hitzaldi batekin. ©Herri Uzta

Errobi herri elkargoko Herri Uzta festibalak betiko musika eta dantzak oinarritzat harturik sorkuntza garaikideak sustatzen ditu. Aurtengo 5. edizioa haratago doa eta hiru ildo jorratuko ditu. Alde batetik, Soka Dantzari leku berezi bat eskainiko dio. Bestalde, txistua jotzearen ohitura hedatzeko xedez, musika tresnaren inguruko hainbat ekimen prestatuko ditu. Azkenik, Mutxiko Egunaren 38. edizioa antolatuko du urriaren 9an Arrangoitzen.

Uhaina Azpeitia Herri Soinu elkarte antolatzailearen kideak azaldu duenez, aurten Euskal Kultur Erakundearen (EKE) "Soka, euskal dantzaren urratsetan" erakusketari keinu bat egin nahi izan dio. Horretarako, Euskal Herritik eta Biarnotik etorriko diren ehun bat dantzari eta soinularik dantza mota ezberdinak eskainiko dituzte. Ildo horretatik, urriaren 8an Soka Eguna antolatuko du Ezpeletan.

Halaber, aurtengo edizioak txistua jotzearen ohiturari garrantzia emanen dio. Kideak esplikatu duenez, "txistua jotzeko praktika gaizki doa". "Geroz eta jende gutiagok txistua jotzen dute. Plazan eta dantza taldeetan nabaritzen da", erantsi du.

Hain zuzen, 80. hamarkadan Baionako Musika kontserbatorioan 80 bat ikaslek txistua jotzen ikasten zuten; gaur egun 30 baino gutiago dira. Gisa berean, Uztaritzeko musika eskolan 1985ean 20 ikasle baino gehiagok ikasten zuten. Gaur egun Errobi herri elkargo osoan zortzi ikasle baino ez daude, Herri Soinuk aipatu duenez.

"Ipar eta Hego Euskal Herrian" txistua jotzearen ohitura berpizteko Herri Soinuk mugaz gaindiko partaidetza bat gauzatu du Euskal Herriko Txistu Elkartearekin. "Euskal Herriko txistu hedapenaren" egitasmoaren baitan ikastaroak, mintzaldiak eta emanaldiak antolatuko dituzte. Xedea txistuari lotuak diren arloak lantzea da, hots, ikerketa, transmisioa, formakuntza, sorkuntza eta hedapena.

Irri egiteko gaua

Herri Soinu elkarteak proposatuko duen beste ekimenetariko bat "Irri istorio gaua" izango da. Latxa elkarte antolatzaileak Donostia 2016 egitasmoak antolatu "Energia Olatuak" deialdia irabazi zuen "Kontalari berriak" proiektuari esker.

Urriaren 8an iraganen den ekimenean Pantzo Irigaray, Ugutz Robles, Jean-Michel Bedaxagar eta Txomin Esponda taula gainera igoko dira. Uhaina Azpeitiak iragarri duenez, ikusgarria grabatu eta euskarria AEK eta Ipar Euskal Herriko Gaztetxeetara helarazteko asmoa dute.

Herri Uzta festibalaren programa osoa hemen ikusgai.