Iurre BIDEGAIN

Tona bat eta erdi hondakin bildu dituzte Errobi errekaren egunean, Baigorrin

Lehen aldiz, Errobiko Ibarraren sindikatuak Errobi errekaren eguna antolatu zuen irailaren 24ean Baigorrin. "Errekak'Eau" lemapean iragan zen ekimenean laguntzaileek tona bat eta erdi hondakin bildu zituzten. Sindikatuak urtero herri ezberdinetan ekimena antolatzeko xedea du.

Hirurogeita hamar pertsonek parte hartu zuten hondakin bilketan. ©Bob EDME
Hirurogeita hamar pertsonek parte hartu zuten hondakin bilketan. ©Bob EDME

Errobiko Ibarraren sindikatuak aurten lehen aldiz "Errekak'Eau" eguna antolatu zuen irailaren 24ean Baigorrin. Ekimenaren xedea errekari buruzko sentsibilizazio kanpaina burutzea da. Urtero ohikoak diren hondakin bilketetaz gain, gaia gizarteratu nahi izan du giro alaitsuan.

Goizean goizetik, Baigorri zeharkatzen duen Errobi erreka garbitzeko hitzordua finkatu zuten. Jean Michel Galant sindikatuko lehendakariak azaldu duenez, 70 bat laguntzailek parte hartu zuten bilketan. Horiek tona bat eta erdi hondakin bildu zituzten errekatik eta ondotik hondakindegira eraman zituzten.

Presidenteak kontatu duenez, urtero arrantza garaia hasi baino aste bat lehenago hondakinen bilketa antolatu ohi dute. "Urrunago joatea deliberatu dugu eta beste sasoi batean ere bilketa egiteaz gain egun osoko ekimena antolatzea erabaki dugu", erantsi du.

Hain zuzen, Baigorriko plazan ingurumenaren alde lan egiten duten hainbat eragile bildu ziren. "Erakus-mahaiak bat bestearen ondoan jarri genituen sentsibilitate lan bat egiteko eta elkar ezagutza sustatzeko", aipatu du. Gainera, adin guzientzako animazioak proposatu zituzten, hala nola gazteentzat puzgarriak.

Galantek iragarri duenez, urtero ekimen berdina antolatuko dute leku ezberdinetan. Helburua? jende gehiagorengana heltzea giro alaitsuan.