Iurre BIDEGAIN

AS Bayonne errugbi jokalari batzuen eraso sexistak salatu dituzte Durangon

Durangoko neska talde batek AS Bayonne errugbi taldeko jokalari batzuengandik eraso sexistak pairatu dituztela salatu du. Durangoko Rugby taldeak Lapurdiko taldearekin harremanak haustea erabaki du.

Eraso sexisten kontrako elkarretaratzea Baionan. ©Bob EDME
Eraso sexisten kontrako elkarretaratzea Baionan. ©Bob EDME

Gertakariak irailaren 3an iragan ziren Durangoko Rugby ostatuan eta karrikan. AS (Association Sportive) Bayonne eta Durangoko Rugby Taldeak (DRT) lagun arteko partida bat jokatu zuten egunean berean. Gauean, talde lapurtarreko kide batzuk herrian gelditu ziren, autobusez Ipar Euskal Herrira itzuli baino lehen. Ostatu hartara sartu zen neska talde batek AS Bayonneko jokalari batzuengandik eraso sexistak jaso izana salatu du.

Erasoen berri emateko gutun bat bidali zion DRTari. Azken horrek Lapurdiko taldearekin harremanak haustea erabaki du. AS Bayonne klubak, bere aldetik, gauzak argitu nahi ditu eta horretarako "bilkura bat eskatu" du.

"Bizkarrean muxuak eta laztanak eman zizkiguten, behin baino gehiagotan ipurdia ukitu, ilean eskuak jarri, dantza egitera derrigortu, iraindu…". Horrelako bizipenak irakur daitezke erasoak jaso dituzten neskek bidalitako gutunean (eskuin ataldean irakurgai). Idazkia jaso bezain laster, DRT taldea ustezko biktimekin elkartu zen. Juan Manuel Iriondo DRT taldeko lehendakariak azaldu duenez, Baionako taldeari gutun bat igorri zioten eta azalpen bat eskatu zioten.

"Adostu genuen ez baziguten erantzuten, Durango osoan eskutitza zabalduko genuela eta gertakariak azalduko genituela. Haiekin genuen harremana segidan apurtu dugu", erantsi du. Gutuna Baionako klubari helarazteko, itzulpen zerbitzua kontratatu eta frantsesera itzuli zuten; "gauzak ahalik eta hobekien egiteko" xedez. Horrez gain, Bizkaiko taldea bere taberna "askatasun leku" izateko protokolo bat definitzeko lanean ari da.

Iriondok kontatu duenez, gutuna bidali ondoren, ongi jaso zuen jakiteko taldearekin harremanetan jarri zen. Baionako klubaren erantzuna ondokoa izan zen, Iriondok aipatu duenez: "irakurri dugu, baina lan asko dugu, galdetu diogu kapitainari eta ez digu ezer esan".

“Izenak, gure taldeko jendea zigortzeko"

Baionako AS Bayonne taldeko idazkariaren azalpenak bestelakoak dira. "Gure desmartxa urrunago joatea eta informazio gehigarriak eskuratzea da. Izenak, adibidez, gure taldeko jendea zigortzeko", erantsi du. Halaber, "klubeko jokalari guziak ez zeuden Durangon", nabarmendu du; "ez dugu arrazoirik jokalari guziak zigortzeko, bi edo hiruren hutsegitearen ondorioz". Gainera, "ez zeudela jokalariak bakarrik" nabarmendu du; "entrenatzailea eta kudeatzaile bat haiekin zegoen".

"Elementu gehigarri" horiek bilatzeko xedez, AS Bayonneko idazkariak DRT taldeari bilkura bat eskatu diola erran du. Iriondok esplikatu duenez, erantzunik jaso ez dutenez gertakariak publiko egitea erabaki du. "Zer daude, AS Bayonne taldeko irudiagatik kezkatuak, eta ez neskek pairatutakoagatik?", galdetu du.