Kazeta

Ikastolak indartu eta lurralde osoan hedatzeko xedea du Seaskak

Seaskak ikasturteari hasiera eman dio Alozeko ikastolan. Sartzearen zenbakiak aipatzeaz gain etorkizuneko erronkak azpimarratu ditu; horien artean "ikastolak indartzea" eta "lurralde osoan hedatzea".

Seaskak Alozeko ikastolan antolatu agerraldia. ©Seaska
Seaskak Alozeko ikastolan antolatu agerraldia. ©Seaska

Seaskak Xiberotik ongietorria eman dio ikasturte berriari. Hain zuzen, Alozeko ikastolan egindako agerraldian ikastolek bizitzen duten egoeraren berri eman du. Ipar Euskal Herrian geroz eta haur gutiago lehen hezkuntzan eskolatzen diren arren, Seaskaren kopuruak emendatzen doazela nabarmendu du. Iazko sartzean 3.388 ikaslek ikasturtea hasi bazuten, aurten 3.492 izan dira; ama ikastolatik lizeorat.

Alozeko ikastolaren eremua hautatu dute aurten herri elkargoak bertan kokatzen den Sala etxea berritu baitu; "prefetaren oniritziarekin". Marie Laure Cazenavek Alozeko Basaburuko ikastolako lehendakariak azaldu duenez, aurten orotara 138 ikaslek sartzea egin dute Xiberoako ikastoletan. Bada hamar urte 82 ikasle ziren.

Emendaketa horren ildotik, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak "ikastolak lurralde osoan hedatzeko" xedea dutela nabarmendu du; "lurralde guzian eta ez bakarrik jende anitz bizi den kostaldean, baizik eta barnekaldean ere".

Indok Xiberoan lan postuak mantentzeko zailtasunak dituztela aitortu du. "Xiberoako Basaburua eskualdean, Akademia ikuskariarekin urteroko bataila dugu, hainbat postu kendu nahi izaten baititu, kalkulu matematiko hutsean oinarrituz, herri eta eskualdeen biziraupena ahantziz", aipatu du. Arazoari aurre egiteko Seaskak Xiberoako ikastolak laguntzen dituela esplikatu du.

Lehendakariak ikastola tipiak indartzeko parioa egin dutela erran du. Ildo horretatik, aitzineko urteetan irekitako ikastolak etengabeko garapena bizi dutela azpimarratu du. Hala nola, Beskoitze, Ziburu edo Bidarten maila berriak ireki dituzte.

Kezkatuak

Gisa berean, bigarren mailan ere kopuruaren emendaketa hori agertu da. Bi kolegioetan ikasle gehiago sartzeaz gain, Etxepare lizeoan ere aurten hogeita bost ikasle gehiago dira. Paxkal Indok aste honetan Etxepare lizeoan iragan mobilizazioa gogora ekarri du.

Hots, aurten 106 ikasle sartu dira Bigarrenean. "Kasu honetan, Errektoretzak kalkulagailua galdua du nonbait, gelako heina 35 ikasletik gora ezartzen baitu (36-35-35). Zenbat ikasle behar ote dira gelaka, gelen desdoblatzeko 38, 40, 42 ikasle gelaka? Batzuetan hezkuntza eta hazkuntza nahasten dutela iduri luke...", erran du Indok. Ikasle kopuruen emendaketa eta heldu den urtean irekiko dituzten kolegioa eta lizeoa kontutan harturik Hezkunde ministeritzaren jarrerarekin kezkatuak direla ohartarazi du.