Kazeta

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran euskal presoak mitardean

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran zigor ziegan sartu ziren, beren borontatez, abuztuaren 8an. Gainera, Goieaskoetxeak gose greba hasi duela baieztatu die senideei ostegun honetan. Estatu frantseseko Valenceko kartzelan dauden bi euskal presoek haien herritik hurbilago dagoen presondegi batera eramanak izatea fermuki eskatzen dute.

Goieaskoetxearen senideek egin zuten elkarretaratzea Pariseko epaitegien aitzinean.
Goieaskoetxearen senideek egin zuten elkarretaratzea Pariseko epaitegien aitzinean.

Abuztuaren 8az geroztik, Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran mitard-an (zigor ziegan) daude, beren borondatez. Mobilizazioaren bidez beste kide gehiagorekin elkartzea eta Euskal Herritik hurbilago dagoen kartzela batera eramanak izatea aldarrikatzen dute. Gainera, Ibon Goieaskoetxeak gose greban da, astelehenaz geroztik.

Aletxu Zobaran berrogeita zortzi orduz egon zen jan gabe, baina "bukatutzat eman du protesta-borroka hori, bere indarrak gordetzeko asmoz", azaldu du Etxerat elkarteak. Valenceko euskal presoak bi mitard ezberdinetan sartu dituzte kartzelako zaindariek, bat zentraleko zigor ziegan sartu dute eta bestea kartzela prebentibokoan. Hala, ezin dute haien artean komunikatu.

Mitardean dauden bitartean bisitak bertan behera uzteko asmoa dutela jakinarazi diete senideei. Etxeratek kontatu duenez, heldu den asteburuko bisitak ezeztatu dituzte; "gauza bera egingo dute ondorengo asteburuetarako dagoeneko konfirmatuta daudenekin".

Tentsio handiko kartzela

Goieaskoetxea eta Zobaran ekainaz geroztik Estatu frantseseko Valenceko kartzelan daude. "Bertako bizi erregimena espetxe zentral bateko baldintzak betetzen ez dituela salatu dute", kontatu du elkarteak. Senideek azaldu dutenez, "tentsio handiko kartzela da, adibidez, ez diete gutunentzako zigilurik ematen, kanpoarekin ez komunikatu ahal izateko. Gainera, ez dira zentral baten baldintzetan bizi, presoen zaintza handiagoa baita".

Mobilizazioaren berri emateko, Estatu frantseseko Justizia Ministroari gutunak helarazteko asmoa dutela aipatu dute senideek.