Iurre BIDEGAIN

Biarritzeko autobidearen ordainlekua blokatu dute lan legearen kontra

Jusqu'au retrait kolektiboak ekintza berri bat antolatu du ekainaren 14ean. Goizeko 09.00etatik ehun bat manifestatzailek Biarritzeko autobidearen ordainlekua blokatu dute lan legearen salatzeko. Gisa berean, manifestazio batek Baionako karrikak zeharkatuko ditu.

Ehun bat pertsonek parte hartu dute mobilizazioan. ©Isabelle Miquelestorena
Ehun bat pertsonek parte hartu dute mobilizazioan. ©Isabelle Miquelestorena

Lan legearen kontra mobilizaturik segitzen duen Jusqu'au retrait kolektiboak hitzordua 09.00etan finkatua zuen ekainaren 14ean. Deialdiarekin bat egin duten manifestariak Biarritzeko autobidearen ordainlekura hurbildu dira. Bertan, ehun bat parte hartzailek kamioien pasabidea blokatu dute eta autoei urririk pasatzen utzi diete. 

Ordainlekutik pasatu direnei informazioa eskaini diete. Horrez gain, Claude Larrieu kolektiboko kideak esplikatu duenez, kutxa bat plantan eman dute greban direnen Baionako postari eta trenbideko langileen sustenguz. "Mementoz dena ongi pasa da. Hemendik pasatzen direnek beren elkartasuna adieraz dezakete diru ekarpen batekin", kontatu du.

Larrieuk aipatu duenez, ez dute aurreikusi zenbat denboraz ordainlekua blokatu duten. "Hori blokatzaileek erabaki beharko dute, baina ahalik eta denbora gehien iraunen dugu", erantsi du. Halaber, manifestatzaile batzuk Baionan 10.30tan abiatu den mobilizaziora joanen dira eta bertan, autobide ordainlekuan iragaiten den blokeoaren berri emanen dute.

Beste behin ere, ekintza honen bidez kolektiboak El Khomri legea bertan behera uztea aldarrikatzen dio Gobernuari. Kidearen iritziz, garrantzitsua da "grebak eta blokeoak indartzea". "Gobernuak gibelera egin behar du eta egiten ez duen arte mobilizatuko gara", erantsi du. Larrieuk oroitarazi du lan legearen kontrako manifestazio "garrantzitsu" bat iraganen dela Parisen.