Iurre BIDEGAIN

Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren erantzuna maiatzaren 12an

Hogeitazazpigarren presondegi urtea hasi berritan, Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunaren eskaera aztertu du Pariseko dei auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak. Bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok azaldu du eskaeraren erantzuna maiatzaren 12an jakinaraziko dutela.

Donibane Lohizunen Bagoazek elkarretaratzea antolatu zuen apirilaren 5ean. ©Isabelle Miquelestorena
Donibane Lohizunen Bagoazek elkarretaratzea antolatu zuen apirilaren 5ean. ©Isabelle Miquelestorena

Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Ion Parot eta Unai Parotek apirilaren 2an hogeitazazpigarren presondegi urtea hasi zuten. Esnalek baldintzapeko askatasunaren galdera egin ondoren, apirilaren 5ean aztertu dute Pariseko dei auzitegiko zigorren aplikazio ganbaran. Bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok erantzuna maiatzaren 12an jakinaraziko dutela erran du. Bi ordu iraun du Esnalen eskaera aztertu duen audientziak. Paulus Basurcok baldintzak betetzen dituen proiektua aurkeztu dutela erran du.

Oroitarazi behar da Xistor Haranbururi eskaera errefusatu ziotela iragan abuztuan. Ildo horretatik, abokatuari zer espero duten galdegitean "ETAk borroka armatua aspaldi utzi duela" oroitarazi du. Gainera, Euskal Herria "buru belarri bake prozesuan sartua" dagoela nabarmendu du.

Jakes Esnal 1990eko apirilean atxilotu zuten. Epaileek bizi osorako zigorra ezarri zioten. Horren eraginez, espetxean hemezortzi urte pasa behar izan dituzte baldintzapeko askatasunak eskatzeko eskubidea izan arte. Bederatzi urtez epe hori gainditu ondoren, baldintzapeko askatasuna galdegin du.

Maritxu Paulus Basurcoren aburuz, "baldintzapeko askatasuna" Jakes Esnal kartzelatik ateratzeko bide bakarra da. "Auzitegiak ez badu baldintzapean libre uzten kartzelan egon beharko du", erantsi du. Hain zuzen, eskaera ukatzekotan "berriz ere baldintzapeko eskaera" egiten ahalko du.

Askapena eskatzeko mobilizazioa

Apirilaren 9an Bagoaz kolektiboak "Xistor, Jakes, Jon eta Unai askatu, 26 urte aski da!" lemapean manifestazioa antolatuko du Donibane Lohizunen. 17.00etan abiatuko da Luis 14 plazatik. Presoen eskubideen alde lan egiten duen taldeak "baldintzapean libre ateratzeko eskubidea duten eta larriki eri diren preso guzien askatasuna" eskatuko duela azaldu du.