Iurre BIDEGAIN

Luzaideko galdeketaren emaitza apirilaren 1ean jakingo da

Luzaideko Bolanten batzordeak dantza emanaldietan nesken parte hartzeaz herri galdeketa bat antolatu zuen iragan martxoaren 24, 25 eta 26an. Herritarrek galdeketaren emaitza ostiralean jakinen dute.

Luzaideko bolantak plazan eskainitako ikusgarrian. ©Amaia Luro
Luzaideko bolantak plazan eskainitako ikusgarrian. ©Amaia Luro

Luzaideko Bolanten batzordeak galdeketa bat antolatu zuen iragan astean. Luzaiden erroldatuek, dantzariek eta dantzari ohiek hiru galderei erantzun zieten: "mutilek egiten duten bezala, neskek dantza taldean parte hartzearen alde zaude? Hala bada, nola jantzita? Zein pertsonaia ordezkatu beharko lukete?".

Orotara martxoaren 24, 25 eta 26an antolatu ekimenean 160 bat pertsonek beren iritzia plazaratu dute. Parte hartu dutenek galdeketa horren emaitza apirilaren 1ean jakinen dute.

Luzaideko Bolant eguna martxoaren 27an iragan zen. Ehunka pertsona hurbildu ziren egunean zehar ehun dantzarik baino gehiagok eskaini zuten ikusgarriaz gozatzera. Goizean herriko plazan hainbat emanaldi eskaini zituzten eguzki izpien artean. Arratsaldean, berriz, ikuskizuna Arretxe pilotalekuan eman zuten.