Maider IANTZI

Ipar Euskal Herrira eta Estatu frantsesera neskame joandakoen lekukotasuna

Jon Abrilek zuzendutako "Neskatoak" dokumentala estreinatu zuten martxoaren 6an Berako kultur etxean. Frankismo garaian, Ipar Euskal Herrira eta Estatu frantsesera joandako emakumeen lekukotasunak bildu ditu. Neskame lanetan aritu ziren emakumeak omendu nahi izan ditu ekoizpenean.

Ehunka izan ziren Ipar Euskal Herrira eta Estatu frantsesa joandako emakumeak.
Ehunka izan ziren Ipar Euskal Herrira eta Estatu frantsesa joandako emakumeak.

Etxean presente izan duen gaia delako hasi zen Jon Abril beratarra Baztan-Bidasotik Ipar Euskal Herrira eta Estatu frantsesera neskato joandako emakumeen historia ikertzen eta biltzen, Gaur8ko erreportajak azaldu duenez. "Amatxi, aitaren ama, 25 bat urtez Ziburuko etxe batean lanean egon zen. Alargun gelditu zen hagitz gazterik, seme-alabak ttipiak zituela, eta bizimodua aitzinera ateratzeko umeak ahizparen etxean utzi eta Ziburura joan zen".

Etxe hartan bere lau iloba egon ziren lanean momentu desberdinetan, Abrilen aitaren lehengusinak. Hala, Elhuyarreko partaidetza teknikariak lehengusinei eta amatxiri beti aditu die aunitz bertako bizipen eta istorioei buruz. Lehengusina batek 40 urte eman zituen bertan. "Hagitz arraroa zen hori. Bertze testigantza bat ere badut Arantzako emakume batena 40 urte egon zena, baina hainbertze urte jende gutxik egin zuen".

Errefuxiatuen etxeetan

Abrildarren etxean Ziburuko familia harekin harreman handia izan dute; erbesteratutako sendia zen eta "beti bertzelako ukitu bat zuen, nahiz eta aberatsa izan". Lagun ugari 36ko Gerratik ihesi joandakoen eta errefuxiatuen etxeetan egon zen. Lesakako bi emakume Telesforo Monzonenean ibili ziren zerbitzatzen, Donibane Lohizunen.

Kazetari, kultur dinamizatzaile eta politikari lanetan ere ibili den beratarra ohartu zen ez zegoela deus ere egina gaiaren inguruan. "Ez dago apenas dokumentaziorik. Gure eskualdean lagun ugari joan zen Ameriketara artzain eta haien istorioak aditu ditugu, pelikulak egin dira, dokumentalak, liburuak, denetarik, besta egiten da urtero... Baina emakume hauen inguruan ez dakigu deus ere". Horretaz hausnartzen hasi eta konturatu zen, zalantzarik gabe, batetik emakumeak direlako eta, bertzetik, egiten zituzten lanengatik dela, etxeko lanak eta zainketa lanak, inork kontuan hartzen ez dituenak.

Haietako gazteenak 65 urteren bueltan dabiltza, baina badira aunitz dagoeneko hilak eta bertze aunitzek 80 urtetik gora dituzte. Haiek dira testigantza ia bakarrak eta lana orain egitea garrantzitsua dela nabarmendu du Abrilek.

Ikusi zuen Donostia 2016k bazuela deialdi bat halako proiektu txikietarako eta, gutxienez, testigantzak jasotzen hasi behar zuela erabaki zuen. "Dokumentalaren helburua nahiko xumea da; ez dago produkzio handi bat, lan talde zabal bat; niretzat inportanteena zen bideoan, kalitate txukunarekin testigantza horiek jasotzea eta horrekin istorioak biltzea eta jendeari kontatzea".

Gehienak, Baztan-Bidasotik

Abrilek 15-20 lagunen bizipenak jasoko dituela kalkulatzen du. Oraingoz hamarren bat bilduak ditu, gehienbat Bera, Lesaka eta Arantzakoak. Euskal Herriko leku desberdinetatik joan ziren, baina nagusiki Baztan-Bidasotik, hurbiltasun geografikoagatik ere bai. Hortaz, bertako emakumeen bizipenetara mugatzea erabaki du.

Bizipen horietan sartuta, gehienek kontatzen dute lan hagitz gogor egiten zutela. Batzuek ez zuten paperik izan, bertzeek bai eta kotizatu eta gaur egun erretiroa jaso ahal izan dute. Orokorrean, gehienek esperientzia nahiko ona izan zuten. Tratua, salbuespenak salbuespen, nahiko ona izan zen. Kontent daude egindakoarekin eta erraten dute berriro egoera horretan baleude joanen liratekeela.

Harremana zuzena zen, baina hotza, lanarekin lotua. Ez zen sentimenduez hitz egiten. Gehienetan langile gehiago zegoen etxe berean, eta, ez bazen ahizpa bat, lehengusina bat zuten. Bakarrik egon ziren batzuek bai, bakardadea sufritu zuten. Beratar batek erraten du han ikasi zuela negar egiten eta balkoitik begiratzen.

Donibane Lohizunen hagitz ohikoa izaten zen denek ostegun arratsaldea libratzea eta hondartza inguruan edo karrikan bueltaxka bat ematea. Gehienek oroitzapen hagitz onak dituzte eta txarrak dituenak normalean denbora gutxi egin zuen etxe horretan eta bertze batera joan zen eta han oroitzapen hobeak ditu.

Gehienentzat ezkondu aitzineko urteetan, gaztaroan bertze errealitate bat ezagutzeko aukera izan zen, bereziki 1950eko hamarkadan joan zirenen kasuan; hemen gerraondoa hagitz gogorra zen, errepresioa oraindik handia zen, gose-gosea agian ez baina eskasia sufritu zuten, familia handiak ziren eta beharra hagitz handia zen. "Leiho bat ireki zitzaien hain hurbil, eta, aldi berean, bertzelako askatasun batzuk ere bazeuden. Bertze hizkuntza bat ere hitz egiten zen, Aunitz aipatzen dute gehien harritzen zituena jendearen bizimodua zela, kaletik muxuak ematen ibiltzea bikoteak, nola janzten ziren... Eurek sekula ikusi gabeko hainbat gauza deskubritu zituzten".

Gehienak etxe izugarri aberatsetan egon ziren eta aberastasun horrekin harrituta egoten ziren, nola bizi ziren etxetik 20-25 kilometro eskasera familia dirudun hauek.

Familiari laguntzeko bidea

Emakume batek zazpi zerbitzari zituen; hiruzpalau laguneko familia batek bospasei zerbitzari izatea arrunta zen. Bertze batzuk neskato bat edo bi zituzten etxeetan egon ziren, baina aunitz ikaragarrizko aberastasun ekonomikoa zuten etxe handietan egon ziren eta klaseen arteko desoreka izugarriak zeuden errealitateak topatu zituzten. Alde horretatik, emakume gazte hauentzat mundu berri bat ireki zen, lan duin bat edukitzeko aukera izan zuten, lehenbizikoz kontratuarekin.

Soldatari dagokionez, Bidasoaren alde batean edo bertzean egon bost aldiz gehiago edo gutxiago irabazten zen lan bera egiteagatik. Elkarrizketatu batek azaltzen du 60ko hamarkadaren hasieran Lesakan etxekoandre zegoela 500 pezeta irabazten zituela, eta 2.500 irabaztera joan zela. Berako bertze emakume batek dio 50eko hamarkadaren bukaeran herrian 100 pezeta irabazten zituela, eta, Donibane Lohizunen, berriz, 1.000.

Hala, emakume hauentzat beren etxeetan laguntzeko bidea izan zen eta Abrilek balioan jarri nahi du hori. Kasu batzuetan anai-arreba gazteagoek edo ilobek ikasteko aukera ere izan zuten beren ahaleginari esker.

Denak interna joaten ziren eta horrek etxetik kanpo 24 ordu 365 egunez egotea eskatzen zuen, baimen hagitz gutxirekin eta oporrik apenas (geroago, 60ko hamarkadatik aitzinera hasi ziren izaten). Orduan, familiarekin justuko harremana izaten zuten.

Hurbilen egon zirenen artean, bereziki Donibane Lohizunen, Hendaian, Ziburun edota Urruñan, aunitzek hamabostean behin aukera izaten zuten etxera itzultzeko. 60ko hamarkada arte gehienek mendiz egiten zuten etxerako bidea, inolako baimenik eta paperik gabe. Ez zuten pasaporterik, eta, beraz, gordeka pasatzen zuten muga. Horrek baldintzatzen zuen noiz eta nola itzuli ere.

Mendiz muga pasatzen

Elkarrizketatu batek kontatu zion Abrili Berako hiru emakume etortzen zirela, tartean bere amatxi, hamabortzean behin, igande arratsaldea libre zutelako. Donibane Lohizunen autobusa hartu Sararaino eta bertatik Berara mendiz etortzen ziren, bizpahiru orduko bisita bat egin ahal izateko, gauean afaria zerbitzatzera itzuli aitzinetik. "Pentsatzea ibilbide hori mendiz egiten zutela detaile bat da amatxiri behin ere aditu ez niona. Egun pentsaezina egiten zaigu gurean, edota munduko bertze toki batzuekin lotzen ditugu bizi baldintza horiek".

60ko hamarkadan aunitz aldatu zen egoera, pasaportea lortu eta horrekin nahiko erraz pasatzen zuten muga. Bertzelako baldintzak sortu ziren. Baina imajinatu 50eko hamarkadan Parisen egon ziren emakumeen egoera. Ez bazuten oporrik eta etxean ez bazegoen telefonorik gutuna zen harremanetarako bide bakarra. Eta pentsatu behar dugu segur aski etxeetako aunitzetan gurasoek idazteko gaitasun gutxi zutela. Anai-arrebaren batek idatziko zuen.

Herri txiki batetik Parisera joatea salto handia zen. Goizuetako andre batek erraten du baserri batetik atera eta Parisen bukatzean dena zela ikaragarria. Beratar bat paperik gabe joan zen hiriburu frantsesera eta metroan-eta sekula ez zuen hitzik egiten, poliziek harrapatuko zuten beldurrez. Segur aski gauza polit aunitz bizi izan zituzten, baina baldintza gogorretan.

Badira sasoi bat egitera joan zirenak, gehienak Lapurdiko kostaldera. Aste Santutik urrira izaten ahal zen, edo ekainetik irailera. Aunitz aritu ziren horrela, baina bertze aunitz urte osorako joan ziren, eta lauzpabost urte egin zituzten lagun ugarik, 18 urte bete eta ezkondu bitarteko urteak. Badira 10-12 urte egin zituztenak, eta hagitz kasu arraroak dira 20 urtetik gora egin zituztenak. Bi pertsona aurkitu ditu Abrilek 40 urte egin zituztenak, ezkondu ez, betiko etxe hartan gelditu eta etxekotzat hartu zituztenak. Bat etxe partikular batean egon zen 40 urteak, beti lan bertsuak egiten, eta bertzea hoteletan aritu zen, batean hogei urte eta hura ixtean bertze batean bertze hainbertze.

Arantzarrak, hoteletara

Arantzako emakume asko hoteletara joan ziren lanera. Beratarrak eta lesakarrak gehiago izan ziren etxe partikularretan. Ez da kasualitatea, herriko lagunen bidez bilatzen zelako lana nagusiki.

Bereziki 60ko hamarkadan gehientsuenak 18 urteak beteta joaten ziren, baina 14 urterekin joan ziren batzuk eta 15-16-17 urterekin aunitz. Nonbait 60ko hamarkadatik aitzinera gehixeago kontrolatzen hasi ziren eta 18 urteak beteak izatea eskatzen zuten. Ohikoa izan zen 18tik 25eko adin tarte horretan egotea; beranduxeago joan zirenak ere izan ziren, ordea, 25 urteak beteta, etxeko egoeragatik eta ez zutelako lanik harrapatzen. 40 urte egin zituzten bi emakumeek 25 urteak beteta alde egin zuten.

Abrili arreta ematen zion gauza batek. Iruditzen zitzaion 60 eta bereziki 50eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian ere egonen zirela emakumeak neskato lanerako. Frantzia ere Bigarren Mundu Gerratik atera berria zen eta ekonomia ez zen ikaragarria izanen, baina dirudienez ez zegoen ongi ikusia Iparraldeko emakumeen artean etxeetan lan egitea eta nahiago zuten bertzelako zeregin batzuetan aritzea. Nekazaritzak beti indar gehixeago izan du, industrializazioa hasia zen eta emakumeek sarbidea izan zuten bertara, eta ikasteko ere aunitzez aukera gehiago izan zuten Hegoaldean baino.