Goizeder TABERNA

Bastidako hilketa: hiru bertsio ezberdin

Baiona eta Paueko jendarmeriaren ikertzaileek Bastidan eraildako bikotearen bi semeak eta horietako baten bikotea galdekatu dituzte. Hilketaren arrazoiak argitu gabe dira, lekukoek hiru bertsio ezberdin ematen baitiztute.

Bi gorpuen autopsia otsailaren 22 edo 23an egin beharko lukete. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bi gorpuen autopsia otsailaren 22 edo 23an egin beharko lukete. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Otsailaren 20an Bastidan gertatutako hilketaren arrazoiak ezezagunak dira mementoz. Pascal eta Ewa Rouxel, 50 urte inguruko senar-emaztea, hilik aurkitu zituzten sorospen zerbitzuek. Baiona eta Paueko jendarmerietako brigadak hilketaren lekuan presente zeuden bi semeak eta horietako baten bikotea galdekatzen ari dira.

"Beren azalpenak mementoz ez dira argi eta aski kontrajarriak dira", azaldu du Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek otsailaren 21ean egin adierazpenetan. Mementoz, informazio segur bakarra daukate: senar-emaztearen heriotza bala baten eraginez gertatu da eta 23 urteko semearen zauria ere bai. Gertakarien berri emateko Hazparneko jendarmeriara aurkeztu zen seme hori bera.

Hasiera batean, bi semeetariko gazteenak Hazparneko jendarmeei aitak ama hil zuela eta ondotik berak bere aitari tiro egin ziola esplikatu zien. Biharamunean, aldiz, prokuradoreak gertakariaren jatorria "aita eta semearen arteko liskarra" dela aipatu du. Egiazko arrazoiak eta gertakarien ordena argitzeke daude.

Arma bakarra erabalia izan deneko ustea dute: suzko armen bildumako pistola bat. Lehen ikerketa mediko-legalek amak tiroa toraxean jaso zuela ondorioztatu dute; aitak aldiz, toraxean, bizkarrean eta buru hezurrean jaso zituen. "Lehen informazioak dira", zehaztu du prokuradoreak, ondoko egunetako azterketek oraindik baieztatu behar dituztenak.

Bi gorpuen autopsia otsailaren 23an egitekoa dute, Bordalen. Bi semeen eta horietako baten bikotearen galdezketa otsailaren 22an bukatzekoa zen, astelehenarekin. Bastidako etxeko auzoen  lekukotasunak ere jasoko dituzte ikerleek.