Kazeta

Hegazti gripea Gabadiko etxalde batean agertu da

Hegazti gripearen lehen kasua atzeman dute Euskal Herrian, Gabadiko herrian hain zuzen ere. Horren eraginez 10.000 oilasko hil dituzte etxalde batean eta prefetak segurtasun neurriak plantan ezartzea erabaki du.

Euskal Herrian atzematen duten lehen kasua da. ©Isabelle Miquelestorena
Euskal Herrian atzematen duten lehen kasua da. ©Isabelle Miquelestorena

Azken hilabete hauetan Estatu frantseseko 67 etxaldetan hegazti gripe kasuak atzeman dituzte. Euskal Herrira ere ailegatu da. Amikuzeko ibarrean den Gabadiko etxalde batean kasu bat atzeman dute eta horren eraginez 10.000 oilasko hil dituzte. Gainera, prefetak Gobernuak jarri dituen neurriez gain, beste batzuk plantan ezarri ditu. Etxaldeak hiru astez hetsia egon beharko du, garbitu arte.

Oihan-Kaskoa etxaldean oilaskoak izateaz gain, ahateak ere bazituzten. Gripearen arriskua saihesteko horiek ere hil dituzte. Halaber, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak hainbat neurri hartu ditu.

Gaitza atzeman duten tokiaren inguruan hiru kilometroko segurtasun perimetroa ezarri du, eta beste hamar kilometrora zabaldu du zaintza eremua. Hain zuzen ere, sei eremu hartuko ditu: Arboti, Gabadi, Amenduze, Aiziritze, Ilharre eta Labetze.

Hilabete bateko iraupena

Amikuze eskualdean hegaztien salerosketa debekatu du, eta ezingo dira garraiatu. Jakinik, Mehainen eta Oragarren salmentarako hegaztiak hazten dituztela. Horrez gain, departamenduak zaintza esparru inguruan ehizan aritzea debekatu du.

Prefetak jakinarazi duenez, neurri horiek guztiak hilabetez izango dira indarrean Amikuze eta inguruan.