Arantxa MANTEROLA

Bake Bideak konponbideari buruzko mintegi ziklo bat antolatuko du Sorbonan

Ekainaren 11n Parisen iragan zen Konferentzia Humanitarioan plazaratutako ebazpenen haritik, Bake Bideak Sorbonako eta Liverpooleko unibertsitateekin batera konponbideari buruzko mintegi ziklo bat antolatu du urtarrilaren 27tik aitzina. Bake prozesuan aitzinatzeko tresnak sortzeko helburuaz gain, Estatu mailako jurista talde bat sortzea jomugatzat dute.

Lehen mintegia urtarrilaren 27an iraganen da Sorbonan. ©Isabelle Miquelestorena
Lehen mintegia urtarrilaren 27an iraganen da Sorbonan. ©Isabelle Miquelestorena

Pariseko Konferentziak agerian utzi zituen hiru erronka nagusiei heltzeko asmoz, mintegi zikloa prestatu du Bake Bideak, gatazken konponbide prozesuen ikerketa-talde komuna duten Liverpool eta Sorbonako unibertsitatearekin elkarlanean. Lehen mintegia, urtarrilaren 27an egingo da Sorbonako gunean, "Preso eta iheslariak konponbide prozesuan" gaitzat hartuta, Garako artikuluak azaltzen duenez.

"Hori izan zen, desarme prozesu ordenatu baten premiarekin, non Estatu frantsesaren inplikazioa ere ezinbestekoa litzatekeen, eta justizia trantsizionalaren mekanismoak martxan jartzekoarekin batera, Konferentziatik ateratako ebazpen nagusietakoa", esan zuen Peio Dufau Bake Bideko kideak, atzo, Baionan. Bi gaiok 2016an zehar, maiatza eta iraila aldera, egingo diren beste bi mintegietan jorratuko dira.

Helburua gai horien guztien nondik norakoak hausnartu eta gogoetatik bide-orri egingarriak finkatzea da, hots, eragile ezberdinen ekarpenen bidez, atalez atal bake prozesuan aitzinatzeko tresnak sortzea. "Bide-orri horiek Pariseko gobernuari begirakoak lirateke, batez ere, baina baita euskal gizarteari ere oro har, finean konponbidean aurrera egiteko tresnak eskaintzea baita xedea", gaineratu zuen Anaiz Funosasek.

Gogoeta prozesu horretatik Estatu mailako jurista talde bat sortzea ere jomugatzat dute.

2016an ere, Baionako agiria oinarri hartuta, Ipar Euskal Herrian lanketa berezia egin nahi du bakearen aldeko gizarte mugimenduak, batez ere, hautetsiei zuzenduta. Horrekin batera, bake prozesuarekiko norbanakoen atxikitzea handitzeko bideak hausnartuko ditu eta, nola ez, "atxikimendu hori karriketan erakusteak duen garrantzia" nabarmenduta, mobilizazioa sustatzen segituko du.

Urtarrilaren 9ko manifestazioak

Hain zuzen ere, "bake-prozesuan aitzinatzeko, presoen egoera konpontzea funtsezkotzat" jota, urtarrilaren 9an, 17.00etan, Baionan zein Bilbon egingo diren manifestaziotan parte hartzera deitu zuten Bake Bideako ordezkariek.