Kattin Chilibolost

Calaisko zazpi errefuxiatu Baigorriko herrian

Goiz honetan, Calaistik etorritako zazpi errefuxiatu iritsi dira Baigorrira. Hiru hilabetez bertan egotekoak dira. Hurrengo astean, baldintza berean beste errefuxiatu batzuk etortzekoak lirateke.

Heldu den astean errefuxiatu gehiago etorriko lirateke. ©Bob EDME
Heldu den astean errefuxiatu gehiago etorriko lirateke. ©Bob EDME

Azaroaren 19an, Calais hiriko zazpi errefuxiatu Euskal Herriruntz abiatu ziren. Biharamunean, goizeko ordu bietan Baigorrira iritsi dira, hiru hilabetez bertan egoteko. Bernadette Mousques herriko auzapez ordeak azaldu duenez, Afrika eta Ekialde Hurbileko gerretatik ihesean diren jendeak dira.

Hiru Sudanetik datoz, beste hiru Tajikistan, Afganistan, eta  Eritreatik, eta azkenaren jatorria ezezaguna dela zehaztu du Mousquesek. Bakoitzaren egoera Estatu Frantseseko inmigrazo eta integrazio erakundearen eskutik aztertua izango da, eta egoeren arabera babes politikoa eskatzeko aukera agertuko litzateke.

Pirinio Atlantikoetako prefetak azaldu du errefuxiatuen Baigorriratzeak Calaisko pertsona dentsitatearen arintzea duela helburu, baita negu garaian haien babestea ere. Hau da, Calaisko errefuxiatuentzat plantan jarria izan den dispositiboak ez du Europa mailan 30.000 siriar iheslariren etorrerarendako haurtuak izan diren neurriekin zer ikusirik, ez eta ere neguko geldialdiarekin.

Dena den, Baigorrin harrera emateko baldintzak antolatu dira. Herriko Etxeak, Prefekturak eta elkarteek elkarlanean hainbat neurri hartu dituzte. Herriko Etxeak oporretako VVF egoitzak errefuxiatuen esku utziko ditu; elikaduraren aldetik, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak egunean bazkari bero bat ordainduko die, gaineratekoa elikagaia bankuak eskainiko dielarik. Horrez gain, errefuxiatuei harrera oso baten emateko denbora osoko bost lanpostu sortu dira. Hala nola Atherbeako hezitzaile sozialak eta bi zaindari hiru hilabeterako kontratatuak izan dira, jakinez lan postuen gastuak departamenduak beregain hartuko dituela. Orotara, Estatuak 200.000 euroko aurrekontua zuzendu dio dispositiboari

50 pertsonen harrera antolatzeko aurreikuspenak

VVF egoitzek 50 pertsonen aterpetzeko gaitasuna dute. Oraingoz, ezin da erran denak beteko diren ala ez, Calaistik abiatutako iheslarien borondatearen araberakoa izango delako. Hain zuzen ere, hurrengo astean beste batzuk etortzekoak liratekeela aipatua izan da, baina oraingoz ez dago ezer segurtaturik. Estatuak pentsatutako aurrekontua 50 pertsonen harrera antolatzeko aurreikusia da.

Bernadette Mousquesek azaldu duenez, errefuxiatuen etorrera azken hauen hautu boluntarioan oinarritua da. Hau da, berez Calaisko errefuxiatu gehienek Erresuma Batuak zituzketen helburu. Alabaina, Parisek erabakitako behin behineko neurrien ondorioz, Estatuaren mugak itxi dira eta haien itxaropenei beste alternatiba bat aurkitu behar izan zaie. Horrela, duela egun batzuk, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak Baigorriko Herriko Etxeari deia zabaldu zion Euskal Herrira etortzea onartu zuten errefusiatuei harrera eskaini diezaien. Hasiera batean, 50 bat errefuxiatu aipatzen zituzten.

"Prefekturatik informazioa ez gehiegi zabaltzea eskatzen ziguten, batez ere Calaistik zenbat, noiz eta nola etorriko ziren inork ez zekielako". Informazio eskas horrengatik, besteak beste, Baigorriko biztanleen artean kezkak agertu zirela nabarmendu du Mousquesek. Hortaz, Baigorriko Herriko Etxeak azaroaren 20ko goizean herritar bakoitzak bere etxean jasoko duen gutun bat idatzi du.  derrefuxiatuen etortzeaz informatzeko.