Kazeta

Aitzinako bi militante Baionako epaitegian

Aitzina mugimenduko bi gazte epaitu behar zituzten Baionan azaroaren 12an, "froga bat falta zenez" epaiketa ekainaren 30era gibelatzea erabaki dute. Iragan den urtarrilean margoketa batzuk egitea leporatzen diete. "Zentzu eta neurri gabeko prozedura" salatzeko, elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aitzinean. 

Epaitu dituzten gazteak urtarrilean atxilotu zituzten. ©Bob EDME
Epaitu dituzten gazteak urtarrilean atxilotu zituzten. ©Bob EDME

Iragan den urtarrilaren 27an Aitzina mugimenduko lau gazte atxilotu zituzten. Operazio horren harira, bi militante atxilotu zituzten sostengu margoketak egitea leporatuz. Biak Baionako epaitegian deklaratu behar zuten azaroaren 12an, baina azkenean auzia ekainaren 30era gibelatzea erabaki dute "froga bat falta zelako". Garaiko gertakariak salatzeko xedez eta gazteei sostengua helarazteko asmoz, Aitzinak elkarretaratze bat egin du epaitegiaren aitzinean.

Epaitu dituzten bi militanteak atxilotuak izan ziren margoketen bidez Aitzinaren kontrako operazioa salatzeagatik. Atxilotu ondoren, gazteetariko bat bere etxera eraman zuten eremua miatzeko. Garaian, mugimenduak auzi poliziaren "jarrera desegokia" salatu zuen. Gaztea "eskuburdinekin lotua karrika zeharkatzea" behartu zuketen.

Gisa berean, bigarren gaztea atxilotu eta, arratsaldean bere etxea miatzera joan ziren. Aitzinak azaldu duenez "bost poliziaz inguratuta eta eskuburdinak soinean iragan zen miaketa". Etxetik ezer eraman gabe, arratsaldean askatu zuten.

"Zentzu eta neurri gabeko prozedura honekin, gazteen umiliatzeko eta kriminalizatzeko xederik argiena erakutsi zuen poliziak", azaldu du gazte mugimenduak. "Poliziaren gehiegikeria eta errepresioa salatzeko" 60 bat gazte elkartu dira epaitegiaren aitzinean, mugimenduko kidea den Aitor Servierrek azaldu duenez.