Kazeta

Euskal presoen aldeko manifestazioak antolatuko dituzte urtarrilaren 9an Baionan eta Bilbon

Bagoaz eta Sare mugimenduek euskal presoen aldeko manifestazioak antolatuko dituzte urtarrilaren 9an Baionan eta Bilbon. Bi mobilizazioak ordu berdinean eta helburu berdinen alde prestatuko dira: dispertsioaren bukaera, gaixorik diren presoen askatasuna eta baldintzapeko askatasunen aplikazioa.

Bi mobilizazioak ordu berdinean eta helburu berdinen alde prestatuko dituzte. ©Euskal Irratiak
Bi mobilizazioak ordu berdinean eta helburu berdinen alde prestatuko dituzte. ©Euskal Irratiak

Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duten Bagoazek eta Sarek aldarrikapen berdinak entzunaraziko dituzten manifestazioak antolatuko dituzte,eskuz esku, urtarrilaren 9an. Batzuek Baionan eta besteak Bilbon, sakabanaketaren bukaera, preso gaixoen askatasuna eta baldintzapeko askatasunen aplikazioa exijituko dituzte. Europako beste herrialde batean betetako espetxe urteak kontutan hartzea fermuki eskatzeaz gain, euskal presoen hurbilketa galdeginen dute.

Bagoazek eta Sarek Euskal Herriko gizartea euskal gatazkaren konponbidearen alde engaiatu dela esplikatu dute. 2011ko Aieteko konferentziak gatazkaren ondorioak konpontzeko ateak ireki zituen. Geroztik, "giza eskubideak, konponbidea eta bakearen aldeko aitzinamenduak" agertu dira.

Horien artean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak edo Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak egindako ekarpenak, 2014ko Baionako adierazpena edo iragan den ekainaren 11n Bake Bideak Parisen antolatu zuen Konferentzia Humanitarioa. Oroitarazi behar da, bertan, "Parisen Euskal Herriko bakearen alde" izenburua duen adierazpena aurkeztu zutela eta tokiko zein nazioarteko 110 eragilek horrekin bat egin zutela.

"Desmartxa horiek esperantzaz betetako bide berdinean aitzinatzea lagundu gaituzte", gehitu du Bagoazek. Hala ere, "Estatu frantseseko eta espainiarreko Gobernuak euskal presoen eskubideetaz trufatu dira". Bi kolektiboen ustez, garaia da elkarrizketak errepresioa ordezka dezan. "Gobernuen blokatzea gainditzeko, aitzinatzeko garaia da", esplikatu dute.

Parte hartzeko gonbidapena

Giza eskubideen defentsa, ideologia politiko guzien gainetik dagoela pentsatzen duten herritarrak gonbidatu dituzte Bagoazek eta Sarek, adostu duten aliantza sostengatzea. "Nahi duguna bakea eta askatasuna da", aipatu dute.

"Datozen belaunaldientzat etorkizun hobea bat lortzeko xedez", mugimenduek bi manifestazioetan "masiboki" parte hartzeko deia luzatu dute. "Gorroto eta mendeku nahirik gabe, giza eskubideak errespetatuak izanen diren etorkizuna nahi dugu", esplikatu dute.