Iurre BIDEGAIN

Kaskarotenea ikastola berria, prest

Marinela auzoan kokatuko den Kaskarotenea ikastola berriak bere ateak idekiko ditu irailaren 3an. "Ilusioz eta poztasun handiarekin", hamabost haurrek ikasturtea hasiko dute, denen elkartasunari esker eraiki den ikastolan.

Kaskaroteneak Euskal Herri osotik etorritako laguntza jaso du. © Isabelle Miquelestorena
Kaskaroteneak Euskal Herri osotik etorritako laguntza jaso du. © Isabelle Miquelestorena

"Poz-pozik gira. Lekua ezin hobea da". Kaskaroteneako lehendakaria den Laida Mujikak emozio handiz, irailaren 3an haurrek Marinela auzoan eraikitako ikastolan ikasturtea hasiko dutela iragarri du. Herriko Etxearekin izandako kalapitak eta gero, elkartasunaren bideak gidaturik, hamabost bat haur izanen dira eremu berrian.

Hasiera batean irailaren 1ean zen iragarria Kaskarotenearen sartzea, baina bukatu gabeko lan batzuengatik bi egun berantago izanen da. Hala ere, nahiz eta beste lan batzuk egitekoak diren, garrantzitsuena prest da eta azkenean Kaskarotenea berriak ateak aste huntan idekiko ditu. Laida Mujikaren arabera, irailean espaloia eginen dute eta aterpea urrian. Nahiz eta lan tipiak falta diren, "dena prest da".

"Gauza txarrak atzean utzita, bizi berri bat hasteko sentsazioa dugu", aipatu du Mujikak. Ikastolako kideek ibilbidea "ongi hasi nahi dute" eta Herriko Etxearekin harremanak hobetu direla esplikatu du. "Orain beste kezka batzuekin hasi nahi dugu, adibidez, haur berriak iristea edo proiektu pedagogikoa lantzea. Ikastola baten benetako kezkak, azken finean", esplikatu du Mujikak.

Halaber, bizitako arazo guziak eta gero "anonimotasunera itzultzeko gogoa" dute. "Ez nuke errango ibilbidea txarra izan denik, izan ditugun esperientziak ere onak izan dira. Guraso berriak erakartzeko, lasaitasun batean sartzeko, ikastola berri bat behar zela argi genuen. Abiatze berri bat da, dudarik gabe", kontatu du.

Elkartasun ekonomikoa

Finantziazioaren aldetik, Kaskaroteneak Euskal Herri osotik etorritako laguntza jaso du. "Hori gabe ezin genuen lurra erosi. Beharrezkoak ziren 300.000 euroak kasik horrekin lortu ditugu. Asko eskertzen dugu eta uste dugu aitzinetik etorkizun polita dugula", esplikatu du zuzendariak.

15-16 haurrek ikasturte berria hasiko dute hiru gelaz osatua den ikastolan. Lehengoari konparatuz zabalera bikoitza izateaz gain, "kokapena ere biziki egokia da". "Zaila da Ziburun leku hobe bat imajinatzea", azaldu du Laida Mujikak.