Kattin Chilibolost

Bihotza eskola alternatiboa

Oragarren eskola alternatibo batek bere ateak irekiko ditu irailean. 2015-2016ko ikasturtea han igaroko duten haurrek, asteazkenetan eskolarik ez dute izanen, eta azterketa eta etxeko lan are gutiago. Gauzak horrela, Bihotza eskola alternatiboak irailean errezebituko dituen lehen haurrak.

 

Bihotza eskola alternatiboko gurasoek hurrengo urteetan Ipar Euskal Herrian kolegio alternatibo baten sortzea jadanik buruan dute. © Bihotza
Bihotza eskola alternatiboko gurasoek hurrengo urteetan Ipar Euskal Herrian kolegio alternatibo baten sortzea jadanik buruan dute. © Bihotza

Oragarreko herriko eskola publikoa zenaren tokian, hezkuntza alternatiboa helburu duen Bihotza eskolak lekuak hartuko ditu irailean. Estatuarengandik diru laguntza izpirik gabe, baina honen aitorpen legalaz baliatuz, Bihotzak irakaskuntza emateko forma alternatiboak babestuko ditu.

Bihotza Estatuarekin kontraturik gabe den eskola alternatibo bat da. Izaera horrek irakaskuntzarako ordutegi eta materialaren hautua egiteko arrunt libre uzten du Bihotza kudeatzen duen elkartea. Haatik, hezkuntza nazionaleko begiraleek maiz bisitak eginen dituzte haurren ongizatearen, ordena publikoaren eta jakintza minimoen errespetua zaintzeko.

Azken hauek, hain zuzen ere, eskola alternatiboaren proiektua "begi onez" ikusi zuela adierazi du Bihotzaren eramaileetariko bat den Emilie Mendietak. Bere aburuz, hezkuntza nazionalak eskatzen dituen jakintza minimoak eskuratuko dituzte haurrek, eta beraien ikasketak eredu publikoan jarraitzeko ere prestatuak izanen dira, nahi ez izan gero. Bihotzako hezkuntza modeloa "haurren burujabetasunari buruz zuzendua den heinean", horretarako ez legoke arazorik.

Bihotza eskola alternatiboa guraso talde batek bultzatu du. Ideiaren oinarrian, eskola etxetik egiten zuen neska ttipi bat izan da. Honek beste haurrekin egoteko eskola bat nahi zuen, baina haurrak libre eta erakasleak denboraz askeago utziko lituzkeen eskola bat. Urte bateko epean, hamasei haurren gurasoek asmo horri forma eman diote. Egitasmoarekin bat egiten duen erakasle bat aurkitu eta hezkuntza nazionalari aurkeztu zioten proiektua. Gauzak horrela, hurrengo hilabetean, sei eta hamaika urteko hamasei ikaslek beren sartzea Bihotzan eginen duten.

Hilabeteka eta haur bakoitzerako gurasoek 150 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkaria etxetik ekarri beharko dute, eta Oragarrerat heltzeko bidea duten kideek, bertara elkarrekin iristeko autoak antolatuko dituzte. Haurrak, Oragarre eta Amikuze inguruetatik etorriko dira, baita Salbatare edota Baionatik ere.

Euskarak ere presentzia izango du Bihotzan. Hizkuntza eta kulturaren irakaspena Historiarekin eta hegoaldeko beste eskola alternatiboekin pentsatuak diren elkartrukeen bidez garatzeko asmoa nabari da. Izan ere, euskara, beste edozein irakasgai bezala, ez da modu esklusiboan emana izanen.