Iurre BIDEGAIN
Entrevista
Robert Larrandaburu
Mendizalea

"Orain Euskal Herriak Nepal maite duela erakutsi behar du"

Apirilaren 28an Nepaleko lurrikara sufritu ondoren, Robert eta Mertxe Larrandaburu Atharratzen dira. "Beldurra" handiarekin bizi izan dute gertakaria eta Estatu frantseseko "enbaxadarekin anitz borrokatu" ondoren, Robert Larrandaburuk "katastrofea" nola bizi duten kontatu du.

Robert eta Mertxe Larrandaburu Nepalen. ©Robert Larrandaburu.
Robert eta Mertxe Larrandaburu Nepalen. ©Robert Larrandaburu.

Euskal Herrira itzuli ondotik, nola sentitzen zizte?

Alde batetik pausatzen ari gira, baina Nepali begira gira ere. Uste dut luzerako horrela egonen girela zeren ezagutzen ditugun pertsonak eta ezagutzen ez ditugunak han dira eta lurra oraindik mugitzen da. Ipar Euskal Herrikoak edo frantsesak sartzen dira, baina hango populua han gelditzen da. Hori buruan dugu. Pentsatzen dut lurra oraindik mugitzen baldin bada, harriak erortzen ahal direla. Bakea ez da arras jina.

Nola gelditu da hango populakuntza?

Nepal pobrea da izatez. Lehenik herri handiak laguntzen dira eta gero herri txikiak. Ez dakit nazioarteko laguntza hori jinen denez. Egunetan ez ditugu helikopteroak ikusi; salbu militarrak.
Aldiz asurantza bat zutenentzat helikoptero pribatuak ere hortik ibiltzen ziren. Guk 2.500 dolarrentzat hortik ateratzeko proposamen bat ukan dugu; baina ez genuen nahi. Bide pribatutik atera gira eta hori Frantziak pagatu du.

Nolakoa izan da Estatu frantseseko enbaxadaren jokamoldea?

Borroka anitz izan ditugu Estatu frantseseko enbaxadarekin. Hortik nola atera ikusi behar ginuen, oinez ezinezkoa zela ikusi dutelarik helikopteroa pagatzea onartu dute. Helikopteroa atzemanen ginuela erraten genien eta telefonoa pasatuko geniela, beraiekin ikusteko. Haien erantzuna zen ez zela beren konpetentzia. Horrelako pitokeriak entzutean erotu nintzen.

Nik uste, enbaxadek pentsatzen zituzten gauzak bakarrik egiten ahal zituztela eta horrelako gertakarietan gidekin ikusi behar da. Haiek dituztelako konpetentziak. Beste herrialdeetako herriekin ikusi behar da. Arlo bakoitzeko adituekin ere ikusi behar da. Enbaxadak gaindituak ikusi dira. Sokorriak beste gisa batez antolatu behar dira. Agian Gobernuek zerbait ikasiko duten katastrofe horretatik.

Mundutik jasotako laguntza nolakoa izan da, ikusi duzue?

Guk deus ere ez. Bost egunez mendiko ibarra batean egon gira eta ez dugu deus ere ikusi. Nepaleko enbaxadak dena bakarrik egitea pentsatzen zuen. Armadako helikopteroak ikusi ditugu beren lana egiten. Ez dudana ulertzen da zergatik armadakoek ez dituzten helikoptero pribatuak hartu.

Nola gogoratzen duzu eguna?

Beldurrarekin. Kalmatu delarik, nirekin zegoen jendeak segidan hango jendea lagundu du. Hots, buruan irudi bat badut: gure taldeko bat haur bat besoetan hartzen. Denentzat panikoa gogorra izan da. Oren anitz egon gira beldurrarekin, pentsatuz berriz hasiko zela. Oso luzea izan da. Zulo horretatik ateratzeko hasieratik antolatu behar ginela pentsatu dugu. Gero, familia abisatu behar ginuen. Mezu baten bidez alabarekin kontaktuan jarri gira eta besteei abisatzea erran diogu. Guretako oxigena bezala izan da.

Lurrikara gertatu ondoren zer egin duzue?

Harrien azpian ez egoiteko, segidan, hango jendeer segurtasun tokia zein zen galdetu diegu. Janariarekin kasu egin behar genuela pentsatu dugu. Plato bat baizik ez genuen jaten, hango jendeari janaria utzi nahi geniolako.

Itzuli ondoren, zein sentimendurekin itzuli zizte?

Normalki mendira joaitean, adibidez, txoriei pentsatzen duzu, baina atzo joan ginelarik hango jendeer pentsatu dugu. Badakigu nazioarte mailan zerbait eginen dela, baina guk zerbait antolatu behar dugu. Xiberotarren artean dirua bildu behar dugu hango elkarteei bidaltzeko. Bakoitzaren ahal txikiekin hango jendea anitz laguntzen ahal dugu. Orain arte euskaldunek Nepaleko jendea eta mendiak maite baldin bazituzten, orain erakutsi behar dugu maite ditugula eta laguntzeko prest girela.

Beldurra hartzen da berriz mendira itzultzeko?

Urrian talde bat nirekin Nepalera itzultzeko prest baldin bada, itzuliko niz. Bestela Mertxerekin joanen gira hango biztanleak ikusteko eta alimaleko besarkada bat emaiteko. Elkarrizketak egiteaz nekatuak gira, baina nekadura bazterrean uzten dugu eta haientzat indarra egiten dugu.