Iurre BIDEGAIN

Aritz Arginzoniz eta Aitzol Iriondoren kontrako epaiketa abiatu da Parisen

Bi euskal presoei 2007ko lapurreta batean parte hartzea leporatu diete. Abenduaren 21a arte iraunen duen auzia abiatu da gaur Parisko asisetan. Arginzoniz eta Iriondok hitza hartu ondoren, arratsaldean terrorismoaren kontrako poliziaren txanda izan da. Azken horrek ETAk borroka armatua berriz hartuko duela pentsatzeko "elementurik ez duela" baieztatu dio epaileari.

Auzia Parisko asisetan iraganen da abenduaren 21a arte.
Auzia Parisko asisetan iraganen da abenduaren 21a arte.

Aritz Arginzoniz eta Aitzol Iriondo 2007an atxilotu zituzten Estatu espainiarrean. Garaian, Estatu frantsesean lapurreta batean parte hartzea leporatu die justizia frantsesak. Hori dela eta, epaituko  dituzte abenduaren 18tik 21era Parisko asisetan. Ostegunean epaileak bere erabakia jakitera emanen du. Azpimarratzekoa da Arginzoniz Estatu espainiarrean kondena osorik betetzear dagoela. Otsailean askatu beharko lukete elorriotarra.

Xantiana Cachenaut abokatuak azaldu duenez, Aitzol Iriondo hitza hartu duen lehena izan da. Azken urte hauetako zein gaur egungo testuingurua azaldu dio epaileari. Aritz Arginzonizek, ordea, atxiloketa garaian pairatutako tratu txarrak gogora ekarri ditu.

Estatu frantsesak espainiarrean egindako deklarazioak erabiltzen ditu erabakia hartzeko. Hori dela eta, abokatuak tortura testigantzak egiaztatzeko xedea duen Istanbulgo Protokoloa aplikatzea aldarrikatu du. "Baldintza horietan egindako deklarazioen erabiltzea lotsagarria da, eta salatzeko modukoa iruditzen zait", azpimarratu du abokatuak.

Arratsaldean, terrorismoaren kontrako poliziak hitza hartu du. Abokatuaren galdera bati erantzunez, ETAk borroka armatua berriz hartuko duela pentsatzeko "elementurik ez duela" erran du epailearen aitzinean. "Erantzuna oso baikorra da, guk orain arte defenditu duguna baieztatzen baitu", erantsi du.

Bi euskal presoak Estatu frantsesean kondenatzen badituzte zigorren konfusioaren aukerara joko du Cachenautek. Arginzoniz Estatu espainiarrean preso denez urte horiek kontutan hartuak izan daitezen aldarrikatuko du. Iriondoren kasuan, barne konfusioaren eskakizuna eginen du, Estatu frantsesean kondena ezberdinak dituelako.