Kazeta

Parisen epaitutako ETAko kideen deklarazioa goraipatu dute Brisson, Bru eta Etchegarayk

Jean-Serge Nérinen hilketarengatik doluminak adierazi dituzte Parisen epaituak diren ETAko lau kideek. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson senataria eta Vincent Bru diputatuak deklarazioaren balioa azpimarratu dute Gara egunkarian.

Vincent Bru diputatu kanboarrak eman du lehenbizi Reau-ko espetxean Iparragirre eta Albisurekin izandako bilkuraren berri.
Vincent Bru diputatu kanboarrak eman du lehenbizi Reau-ko espetxean Iparragirre eta Albisurekin izandako bilkuraren berri.

Jean-Serge Nérin poliziaren hilketarengatik hilabete batez ETAko lau kide epaitu dituzte Parisko asisetan. Izaskun Lesakak ETAren izenean irakurritako testuan erakundeak eragin dituen pena eta sufrimenduak aitortu ditu abenduaren 14ko saioan. Erakundeak doluminak adierazi dizkio familiari. Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Max Brisson senataria eta Vincent Bru diputatuek deklarazioa bakearen aldeko keinu indartsu bat dela uste dute. Aitorpenak irudikatzen duena azaldu diote Gara egunkariari.

Jean-René Etchegaray. Nérinen heriotza publikoki sentitu izana keinu "ona" dela uste du Euskal Elkargoko lehendakariak. Bere aburuz, etapa berri baten hasiera batean gaudela baieztatzen du. "Adiskidetzearen faseari eusteko borondate partekatuaren seinale" dela iruditzen zaio Baionako auzapezari.

2011n ETAk borroka armatua uztea erabaki zuenez geroztik, hautua berretsi duten urratsak eman dituela gogora ekarri du Etchegarayk. Bere erranetan, erakundearen keinua kontutan hartu behar du Gobernu frantsesak. Epaitutako lau kideen deklarazioa Justizia Ministeritzarekin izanen duten hirugarren bilkurarako baliagarria izanen dela uste du.

Max Brisson. Euskal Elkargoko lehendakaria bezala, deklarazioa "zentzu onetik doala eta keinu garrantzitsu bat" dela uste du senatariak. Espetxeetako biraren karietara, EPPKko mintzakideekin elkartzeko parada izan zuen Brissonek. Deklarazioak Marixol Iparragirre eta Mikel Albisuk esandakoarekin bat egiten duela azaldu du.

Keinu gehigarri bat da familiei baita justiziari ere zuzendua dena. "Horrek guztiak erabakiak hartzeko lagundu behar du, batez ere euskal presoei lege arrunta aplikatzeko eta hurbilketa ahalbidetzeko", erantsi du. Urrats zehatzen esperoan direla erran du biarriztarrak.

Vincent Bru. La République en Marcheko diputatuak ere EPPKko mintzakideekin burututako bilkura gogora ekarri du. "Gogoratzen naiz Albisuk erran zigula gertatu denari buruz hitz egiteko ausardia ukan behar dela. Biktima guztien aferaz hitz egin behar zela eta elkarrizketa abiatu behar dela", gehitu du Bruk.

Urte hasieran biktimen elkarteekin Gasteizen elkartuko dela iragarri du kanboarrak. "Uste dut Hego Euskal Herrian anitz egiteke dagoela euskal presoen aferari dagokionez, baita biktimen gaiari dagokionez ere. Presoei zein biktimei eragiten dieten aferei arreta eta determinazio bera eskaini nahi diet", azpimarratu du.

Frédérique Espagnac senatari sozialistak ere deklarazioarekiko bere ihardokipena plazaratu du sare sozialetan. "Nahiz eta deklarazioak ez dituen gertakariak ezabatzen, urrats berri bat da", dio. Kontutan hartu beharreko azalpena dela uste du Espagnacek.