Kazeta

Etxepare lizeoaren aldeko kanpainak segitzen du

Bernat Etxepare lizeoak sostengu kanpaina udaberrira arte luzatzea erabaki du. Falta diren 100.000 euroak lortzeko sagarrondoak saltzen segituko du. Abenduaren 16rako beste sagarrondo banaketa bat antolatu du.

 

Ikasturtearen hasiera Etxepare lizeo berrian. ©Isabelle Miquelestorena
Ikasturtearen hasiera Etxepare lizeo berrian. ©Isabelle Miquelestorena

"Hazten gaitu, hazten dugu" lelopean Bernat Etxepare lizeoak kanpaina abiatu zuen iaz. Diru bilketari esker behar zituen 300.000 euroetatik 200.000 lortu zituen. Falta diren 100.000 euroak eskuratzeko sostengu kanpaina udaberrira arte luzatu duela iragarri du.

Lizeoa hornitzeko xedez, sagarrondoak saldu ditu Seaskak aurten. Euskal Herriko txoko anitzetatik babesa helarazi diote elkarteari. Hori dela eta "bihotz bihotzez" proiektua hazten lagundu duten guziei eskerrak eman dizkie.

Falta duen diruari aurre egiteko mailegua hartu du Etxepare lizeoak. Horrek "funtzionamendua biziki mugatu duela" dio agiri batean. Laguntza ekonomikoa biltzen segitzeko abenduaren 16an 09.00etatik 12.00ak arte beste sagarrondo banaketa bat antolatu dute lizeo berrian.

Antolatzaileen erranetan, lizeoaren webgunetik eros daitezke sagarrondoak. Halaber, jadanik lagundu dutenek, baina sagarrondoa berreskuratu ez dutenek abenduaren 16an hartzen ahalko dute. Lehenago eskakizuna baieztatu behar diote lizeoari.