Kazeta

Parisko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute Asanblada Nazionalean

Vicent Bru eta Florence Lasserre diputatuek, Fredérique Espagnac, Max Brisson zein Denise Saint-Pé senatariek abenduaren 9ko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute Asanblada Nazionalean. Salbuespenezko zigor legediaren indargabetzearen garrantzia azpimarratu dute, aho batez.

Parisko manifestazioaren berri eman duen agerraldia. ©Bakearen artisauak
Parisko manifestazioaren berri eman duen agerraldia. ©Bakearen artisauak

Parisko manifestazioa iragaiteko bi egun falta direlarik, bakearen artisauek ekimena aurkeztu dute Asanblada Nazionalean abenduaren 6an. Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatuek zein departamenduko hiru senatariek, hots, Fredérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pék manifestazioaren nondik norakoak aurkeztu dituzte Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramailearekin batera. Gobernu frantsesari zuzentzen dizkioten aldarrien berri eman dute.

Bru hitza hartu duen lehenetarikoa izan da. Milaka herritar bilduko dituen mobilizazioak bake iraunkorraren alde jo nahi duela azpimarratu du diputatuak. Ildo horretatik, bakearen eraikuntza senatari baten betebeharra dela aipatu du Denise Saint-Pék. Frédérique Espagnac sozialistaren aburuz, apirilaren 8an burutu zen desarmea ondoren, "ezerk ez du oztopatzen salbuespenezko zigor legediaren indargabetzea".

Bake Bideako bozeramaileak larunbateko ekimenak lortu duen babes zabala gogora ekarri du. "Eragile politikoek, artistek, elkarteek eta manifestazioan parte hartuko duten milaka herritarrek bakearen artisauen desmartxa babesten dute", dio.

Hain zuzen ere, orotara 115 eragilek eta 45 elkartek "Bakearen alde arriskatuz" sostengu deialdiarekin bat egin dute. Bake Bidea mugimenduak azaldu duenez, Frédéric Begbeder idazlea, Jean-Pierre Mignard abokatu eta eragile politikoa zein alderdi sozialistako Marie Laure Fages elkartasuna helarazi duten azkenetarikoak dira.

Oroitarazi behar da, Christiane Taubira Justizia Ministro ohiak ere "Orain presoak" lelopean iraganen den ekimena sostengatu zuela iragan astean. Gisa berean, François Bayrou MoDem mugimenduko lehendakariak ere bere elkartasuna helarazi dio Euskal Herriko bake prozesuari.