Kazeta

Sormenaren lurraldea bilakatuko da Durangoko Azoka

Abenduaren 6tik 10era iraganen den Durangoko Azokak 400 berrikuntza aurkeztuko ditu. Durango sormenaren lurraldea bilakatu nahi du ekimenak. Horrez gain, animazioz beteriko egitaraua proposatuko du.

Durangoko Azokaren 52. edizioaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Azokaren 52. edizioaren aurkezpena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Durangoko Azokarako atzera kontaketa martxan dela, Plateruena Kafe Antzokian agerraldia egin dute abenduaren 6tik 10era egingo den 52. edizioaren aurkezpen ofiziala egiteko, Naiz atariak azaldu duenez.

Gerediaga Elkarteko lehendakari den Nerea Mujikak aurreratu du 240 stand egongo direla eta, horietan, 400 nobedade aurkitu ahal izango dituztela bertaratzen direnek: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, bost bideo eta bestelako 27 lan. Laugarren urtez, auto-ekoizleek ere beren tokia izango dute, 16 auto-ekoizleren parte-hartzearekin.

Hala ere, stand horietan aurkitu ahal izango dena baino askoz gehiago da azoka, gune desberdinek egitarau zabala prestatu baitute lau egunetarako.

Esate baterako, Lutxo Egiak aurreratu du 123 sormen lan berri aurkeztuko direla Ahotsenean: zuzenekoen karpan 70 musikari arituko dira eta solasaldien guneak 53 aurkezpen hartuko ditu.

Musikak gauetan ere izango du garrantzia, Plateruenan gauero euskal taldeek lan berriak aurkeztuko baitituzte: Governors, Arkada Social, Audience, Glaukoma, ZEZE taldea eta Jabier Muguruza.

Irudienean, Saguganbaran, K@bian, Areto Nagusian edota Szenatokian ere ez da egitekorik, ikustekorik eta gozatzekorik faltako.

Hori guztia gutxi balitz, bost egunetan zehar, euskal kulturarekin gaineko edukiekin soilik osatutako Azoka Telebista ere martxan izango da.