Xan Idiart

Euskal elkargoak anbiziotsu izan nahi du

"Berrikuntza eta anbizio handiko lurraldea" izeneko egitasmo deialdiari bere hautagaitza igorri zion Euskal elkargoak. Beste 40 proiekturen artean bigarren itzulira pasa direla jakin berri dute. 50 milioi euro daude jokoan.

Orokorrean, laborariak laguntzea du helburu Hiri elkargoaren egitasmoak.
Orokorrean, laborariak laguntzea du helburu Hiri elkargoaren egitasmoak.

Berrikuntzak ahalbidetuko dituen eskualdea izan nahi du Ipar Euskal Herriak. Euskal elkargoaren anbizioa da behintzat. Izan ere, Estatu frantseseko diru ekarpenaren kutxak antolaturiko "Berrikuntza eta anbizio handiko lurraldea" izeneko egitasmoari bere hautagaitza igorri zion joan den ekainean, eta beste 40 proiekturen artean bigarren itzulira pasa da.

Orain Euskal elkargoko ordezkaritza batek joan beharko du Parisera. Dosierraren berri emanen du zehazki, ahalik eta detaile gehien azalduz. Abenduan hogei txosten baizik ez dira geldituko, eta denek urte bat ukanen dute beren egitasmoa are gehiago hobetzeko. 2018 bukaeran hamar egitasmo behin betiko hautatuak izanen dira, eta bakoitzak 50 milioi euro lortuko du.

"Konfiantza" duela erran du Michel Etchebestek. "300 eragile bildu ziren antolatu genituen bilkuretan". Denak ados jarri direla ziurtatu du "Ipar Euskal Herriaren mesedetan egiten zela ohartu direlako". Bigarren itzulira pasa izana balentria bat dela iruditzen zaio, txostena igortzean Hiri elkargoak lau hilabete baino ez zituelako.

Laborarien soldataren goratzea

Hainbat gai jorratzen ditu Euskal elkargoaren egitasmoak. Laborarien zein arrantzaleen soldata igotzea proposatzen du adibidez. Horrez gai, kalitatezko janaria gero eta gehiago zabaltzea du helburu. Izediari dagokionez, ingurumena errespetatzen dituzten produkzio moten erabilpena sustatzea nahi du.

Jean-René Etchegaray Hiri elkargoko lehendakaria mintzatu zen egitasmo horretaz azaroaren 10ean Lurraman. Justu idekitze ofiziala baino lehen jakin zuen "berri ona". Lurraman izanik, saloiaren borrokak Hiri elkargoarenak izanen zirela ondoko urteetan erran zuen, beren proiektua horren berme zelarik.