Joseba AURKENERENA

Donibaneko dantzariak Katalunian galernaren bezperan

IRITZIA- Begiraleak elkarteko dantzariek Els Falcons erakundeak antolatu duen ekimenean parte hartu dute. Gaur egungo testuinguruari begira jartzeaz gain, ekimena nola iragan zen azaldu du Joseba Aurkenerena idazleak. "Katalanek galernari eutsiko diote eta garaile aterako direlakoan gaude".

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Urtero, maiatzeko lehen igandean, Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak Udaberria Dantzan izeneko ekitaldi koloretsu eta arrakastatsua antolatzen du. Egun horretan Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako dantzariak Donibanera hurbiltzen zaizkigu euskal besta paregabe hau bozkarioz eta euskaltasunaz jantziz. Urtero, euskal dantzariekin batera, kanpoko talde bat gonbidatzen dute. 2016ko maiatzean, Vilanova i la Geltrú herriko Els falcons (Belatzak) izeneko talde katalana etorri zen. Talde hau biziki famatua da Katalunia osoan, giza-irudiak edo giza-dorreak egiten dituztelako. Donibanen arrakasta itzela atzeman zuten.

Aurten gonbidatuak Begiraleak elkarteko dantzariak izan dira. Els Falcons elkarteak besta berezia antolatzen du urtero urriaren erdi aldean, eta aurten lapurtarrak gonbidatu dituzte urriaren 14an, larunbatarekin, Vilanova i la Geltrú-ko karrika eta plazetan barna ibil daitezen, baita begirale donibandarrek atsegin handiz onartu ere.

Hamalauan, goizeko bostetan, hogeita hamahiru begiralez betetako autobusa Katalunia aldera abiatu zen. Denon gogoan zen katalanak independentziaranzko bidean egiten ari diren bidea eta baita urriaren lehenean izan zuten erreferendumean, espainiar poliziek emandako erantzun bortitza eta salbaia ere. Hori dena genuen gogoan, eta elkartasuna eta bekaitz osasuntsua bihotzean.

Abantzu zazpi oreneko bidaia luze baten ondoren, gure helmugara iritsi ginen. Han ziren Albert eta Sergi adiskideak gure aiduru. Lo egin behar genuen eskolan puskak utzi, eta gero, haien elkartera eraman gintuzten. Dena prest zeukaten bazkari goxo baterako. Bazkarian Agure zaharra  --Luis Llach-en L´estac kantu ospetsuaren euskal bertsioa— abestu genuen. Guk euskaraz eta haiek katalanez.

Arratsaldeko hirurak aldera, elkartetik abiatu ginen denok elkarrekin. Bazen kilometro luze bateko ibilbide luzea, herri osoa aldez alde zeharkatzen zuena, eta hortik barrena ibili ginen, katalanak giza-dorreak egiten eta gu euskal dantzei lotuak. Bide-gurutze guztietan gelditu eta besta ederra egiten genuen, kafetegietako terrazetan zen jendearen txaloaldi beroak jasoz. Etxeetako leihoetan independentziaren aldeko bandera katalan izardunak ikus zitezkeen. Gure taldearen buruan bi banderari generamatzan, lehena euskal ikurrinarekin, eta bigarrena katalan senyera izardunarekin. Bide osoan zehar katalanek harrera ezin hobea egin ziguten eta Euskal Herriarekiko zuten miresmen eta maitasuna erakutsi.

Seiak aldera, eta beste ibilbide paralelo batetik itzuli ondoren, elkartera iritsi ginen. Ordurako bazen aitzineko plazan oholtza eder bat ezarrita. Eta hortxe, txandatuz, aritu ginen denok, katalanak giza-dorre erraldoi eta ikusgarriak eginez eta gu Euskal Herriko dantzak eskainiz.
Publiko handia zen inguruetan ezarri kadiretan jarririk, eta giro izugarri polita sortu zen. Horrelako giza-dorre batean, goi-goian, gailurrean ziren hiruzpalau haurrek ikurrina eta senyera zabaldu zituzten. Biziki momentu kitzikagarria izan zen denontzat. Publikoak zutitu eta txaloaldi luze batez eskertu zuen.

    Denon buruetan Katalunia jasaten ari den egoera larria zegoen. Independentzia aldarrikapena egina dago, baina lokarturik negoziazioek bidea egin dezaten, eta espainolek autonomia bertan behera uzteko mehatxua egina dute. Astelehenean bukatuko da gobernu espainiarrak katalanei gibelera egiteko eman dien epea. Ordurako katalanek ez badute burua makurtzen, ez badute amorerik ematen, espainiarrak armada igortzeko prest daude.

    Espainolak inperio kolonialaren ameskeriatan bizi dira, eta ez dute inolako ezberdintasunik onartzen. Indarkerian oinarrituriko gizartean bizi dira. Beti izan da horrela eta ez dute aldatzeko inolako asmorik. Katalanek eskainitako elkarrizketari mehatxuz erantzun diote, eta urriaren lehenean egin zuten sarraskia ikusita, denok badakigu ongi zer nolako erantzuna emanen duten. Europa osoak sobera ongi ezagutzen du espainiarren indarkeria, nahiz eta politikari gehienek ez ikusiarena egiten duten. Euskaldunok biziki ongi ezagutzen dugu espainiarren inposaketa eta indarkeria, belaunaldiz belaunaldi jasan baitugu, eta katalanek ere ongitxo ezagutzen duten, euren historian zehar hamaika aldiz jasan behar izan dutelako. Ez da gehiegi kontatu behar, denon buruetan baitago egin, egiten eta tamalez, oraindik eginen digutena.

    Ekitaldiaren ondoren, anai-arreben arteko afariaren tenorea izan zen plazan ezarritako mahaien inguruan. Hor izan ziren solasak eta kantuak, eta hor azaldu ziren mintzagai katalanen eta euskaldunen penak eta bozkarioak, ametsak eta beldurrak. Kafearekin hasi ziren lehen dantzak, eta gazteak, nahasirik, harmonia ederrean aritu ziren. Gazteak gau besta batera abiatu ziren gero, eta zaharrak lo egitera ginen erretiratu.

    Igande goizean berandu itzarri ginen; gau bestan ibilitako gazteak berantago. Gosaldu ondoren itzulbideari lotu gintzaizkion. Bide luzea, berriz ere, baina kontent ginen Kataluniako adiskideekin izandako bizipenekin. Donibanera arratseko zortziak irian iritsi ginen. Puskak elkartean utzi eta norberak bere etxeko bidea hartu zuen, zakua bizkarrean eta Katalunian bizitutakoa gogoan.

    Denok dakigu galernaren bezperan izan ginela Katalunian. Madrileko gobernuak katalanak umiliatu nahi ditu, belauniko nahi ditu beraien aitzinean. Katalanek, ziur gaude, ez dute hori eginen, gizatasunez jokatuko dute, eta orduan lehertuko da galerna. Jadanik enbataren haizeek hori iragartzen digute. Katalanek galernari eutsiko diote eta garaile aterako direlakoan gaude. Euskal erramolde zaharrak honela dio: Iluntasun guztien atzetik beti dator argia, eta galerna guztien atzetik eguzkia.

    Katalan anai-arrebak, har itzazue euskaldunen sostengua eta miresmena! Bihotzean zaituztegu! Aupa Katalunia!


                            Hik bultza gogor hortikan
                            ta bultza nik hemendikan,
                            ikusiko dek nola nola nola
                            laster eroriko dan.

Si jo l'estiro fort per aquí
i tu l'estires fort per allà,
segur que tomba, tomba, tomba,
i ens podrem alliberar.