Iurre BIDEGAIN

Aste honetan libre geldituko dira Aratz Gomez eta Arkaitz Saez

Zigorra osorik bete eta, Aratz Gomez urriaren 19an libre geldituko da. Gisa berean, urriaren 21ean Arkaitz Saez askatuko dute. Gomezi ongietorria antolatu diote urriaren 28rako Azkainen.

2017ko uztailean Mont de Marsaneko kartzelara lekualdatu zituzten Gomez eta Saez. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)
2017ko uztailean Mont de Marsaneko kartzelara lekualdatu zituzten Gomez eta Saez. (Marisol RAMÍREZ/ARGAZKI PRESS)

1998 urteaz geroztik preso daude Aratz Gomez eta Arkaitz Saez lapurtarrak. Azaroaren 16an Irunen atxilotu zituzten. Kondena osoa bete ondoren, aste honetan askatuko dituzte. Maritxu Paulus Basurco abokatuak baieztatu duenez, Gomez urriaren 19an libre geldituko da eta Saez urriaren 21ean.

Askatasuna ospatzeko, ongietorri beroa antolatu diote Aratz Gomezi urriaren 28rako. Azkainen iraganen den ekimena 12.00etan hasiko da. Ekitaldia ondoren, bazkari bat proposatuko dute. Arratsaldean zehar puzgarriak, pilota partidak, kantaldi bat eta kontzertuak prestatuko dituzte.

Gomez azkaindarra eta Saez hiriburutarra hogei eta hogeita bi urte zituztelarik atxilotu zituzten, hurrenez hurren. Hemezortzi urteko kondena agindu zieten ETAko kideak izateagatik. 2017ra arte Estatu espainiarrean preso egon dira.

Beren abokatuak Estatu frantsesean zigorra betetzeko eskaera egin zuen 2005ean. Ezezkoa eman zion justiziak. Hamar urte beranduago Juantxo Esnal, David Gramont eta Unai Parot presoekin batera eskaera berri bat egin zuen Paulus Basurcok. Berriz ere, ezezkoa jaso zuen. Erabakiaren kontrako helegitea aurkeztea erabaki zuen eta Gomez zein Saezen galdeak onartu zituen epaileak. Hori dela eta, 2017ko uztailean Mont de Marsaneko kartzelara lekualdatu zituzten.