Kazeta

Oloroeko amategiaren defentsan hautetsiak mobilizatu dira Parisen

Frédérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatariak, Jean Lassalle diputatuarekin batera, Osasun Ministeritzara joan dira Oloroeko amategiaren egoeraz eztabaidatzeko. Ministeritzako zuzendariordearekin elkartzeko parada izan dute. Azken horrek Eskualdeko Osasun Agentziarekin bitartekaritza lana burutuko duela ziurtatu die.

Oloroeko amategiaren gaia aipatzeko Parisera bidaiatu duten hautetsiak. ©Frédérique Espagnac
Oloroeko amategiaren gaia aipatzeko Parisera bidaiatu duten hautetsiak. ©Frédérique Espagnac

Oloroeko amategiaren etorkizuna zalantzan dago oraindik. Eskualdeko Osasun Agentziak zentroa hesteko borondatea adierazi zuen profesionalen kopuru eskasaren eraginez. Hain zuzen, ginekologo eta pediatrak falta dituzte. Erakundeak etorkizunari buruzko erabakia jakinarazi behar zuen urrian. Gaiaren berri izateko, Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsi Parisera joan ziren.

Frédérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatariak, Jean Lassalle diputatua eta Oloroeko auzapeza den Hervé Lucbéreih Osasun Ministeritzako kabineteko zuzendariordea den Yann Bubienekin bildu ziren urriaren 11n. Azken horrek ziurtatu die bitartekaritza lana eginen duela Eskualdeko Osasun Agentziarekin. Hots, instituzioko zuzendariarekin harremanetan sartuko dela aipatu die.

Oroitarazi behar da Oloroeko erietxeko zuzendariak amategia abenduaren 20ean hetsiko zela iragarri zuela Sud Ouest egunkarian. Auzapezaren aburuz, erabakia "goiztiarra" da. Hilabete hauetan zerbitzua mantentzeko borrokatu da.

Profesionalen eskasiari aurre egiteko hautagaitzak jaso ditu. "Estatu espainiarreko bi ginekologo lanera etortzeko prest dira", ohartarazi zuen uda honetan. Gisa berean, hautagaitzak bilatzeaz arduratzen den bulego bati laguntza eskatu ziola azaldu zuen. Eskualdeko Osasun Agentziak argi du: "bost ginekologo eta lau pediatra beharrezkoak dira".

Erietxeak profesionalak lortzen ez baditu, aterabide bat proposatu du Eskualdeko Osasun Agentziak. Sortu berrien amei zein haurra ukanen dutenei segipena ziurtatuko liekeen zerbitzu bat martxan jarri nahiko luke. Donapaleu eta Paueko erietxeak egitasmoa errezibitzeko prest agertu dira.

Gehiengoa Donapaleu eta Pauera

Urte hasieratik, 98 erditze lagundu ditu Oloroeko amategiko ginekologo bakarrak. Nabarmentzekoa da 2016an 271 erditze izan zirela, 2015ean 313 eta 2014an 320. "Emazteen %70ak Donapaleu eta Paueko amategietara jotzea nahiago du", azaldu du Eskualdeko Osasun Agentziak.