Kazeta

Rajoyk Generalitateari independentzia deklaratu duen argitu dezala eskatu dio

Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak Carles Puigdemonti galdegin dio independentzia aldarrikatu duen ala ez argitu dezala.

Mariano Rajoy, Gobernu espainiarreko presidentea.
Mariano Rajoy, Gobernu espainiarreko presidentea.

Ezohiko Ministroen Kontseilua iragan ondoren, bere agerraldia egin du Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak urriaren 11n. Hain zuzen, Generalitateari galdegin dio Kataluniako independentzia deklaratu duen argitu dezala. Lehendakariaren erranetan, egoera argitu nahi du Konstituzioaren 155. artikulua plantan ezarri aitzin.

Mariano Rajoyk "argitasuna eta segurtasuna" eskaini nahi die herritarrei. Ildo horretatik "Generalitateak sustatutako zalantzak" argitu nahi ditu. Carles Puigdemontek Generalitateko presidenteak Estatu espainiarreko legedia onartzen duen zehazki adieraztea eskatu dio Rajoyk.

Hala eginen balu, normaltasunera itzuliko litzatekeela uste du presidente espainiarrak. "Ezegonkortasunaren garaiari bukaera emanen genioke", erantsi du. Halaber, "premiazkoa" iruditzen zaio egoera honekin bukatzea.

Puigdmontek ildo beretik segitzen badu, Estatu espainiarreko Konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko aukera aztertuko duela aipatu du Mariano Rajoyk. Oroitarazi behar da aipaturiko artikulua aplikatzean, Estatuak bere gain hartuko lukeela Kataluniako autonomiaren ardura.