Kattin CHILIBOLOST eta Iurre BIDEGAIN

Kalakako auzia

Irailaren 24an hamar urte bete dira poliziak Donibane Garaziko Kalaka ostatuaren kontrako operazioa burutu zuenaz geroztik. Garai hartan atxilotu zituen Pantxo Flores, Xabier Susperregi eta Cedric Garayk urte luze hauetan pairatzen segitu behar izan dutena azaldu dute KAZETAk egin duen bideo erreportaia batean. Euskal Herriko bake prozesuan horrelako aferei bukaera emateko premiaz hitz egin du ere Anaiz Funosasek.

Denbora pasa da, hamar urte hain zuzen. Baina oraindik gogoan dituzte irailaren 24ko gertakariak. Eguna bera, baita urte luzez dirauen mina ere bai. Kalakaren kontrako operazioan hamahiru pertsona atxilotu zituen poliziak, horien artean adin txikikoak zeuden ere. Horietariko bost kartzelara bidali zituen: Cedric Garay, Pantxo Flores, Xabier Susperregi, Mizel Barnetxe eta Joan Bidart.

Goizean goiz hasi zen operazioa. Astelehena zen, merkatu eguna Donibane Garazin. Xabier Susperregik aitortu duen bezala lehen mementoetan urduritasuna eta ezjakintasuna sentitu zuten. Hasieran, poliziek ez zieten deus azaldu. Hiru ordu berantago Alain Ducasse sukaldariaren izena aipatzen hasi ziren. ETAren finantzazioarekin lotura izateaz gain, Bidarraiko sukaldariaren jatetxearen kontrako erasoak leporatu zizkieten.

Garai hartan ezker abertzalearen kontrako “errepresioa” pil-pilean zegoela bazekiten, Stéphane Etchegarayk, "Etxek", gogora ekarri duen bezala, Kalaka ostatuaren inguruan giro berezi bat sortzen ari zen. “Giro hori zapuztu nahi zuten”, dio Susperregik.

Atxilotu zituztenetik, “tortura psikologikoa” pairatu zutela deitoratu dute. Mehatxuak eta presioak nagusi zirela diote. Joan Bidart hilabete batzuk berantago askatu zuten eta beste lauak urte batez kartzelan egon ziren. Xabier Susperregi salbu, beste lauak isolatu, bakartu eta sakabanatu zituzten. "Presioa sartzeko beste bide bat" zela diote. Susperregik beste adibide bat ekarri du gogora. "Nire semea ikastolako bidean zelarik burua estalia zuten pertsonek pistola bat ezarri zioten buruan. Hori jakin nuen Levert epailearen aitzinetik pasa baino bi egun lehenago. Ondo piztuta zoaz".

Ipar Euskal Herrian atxilotuen alde hainbat mobilizazio antolatu zituzten. Donibane Garazi, Agen, Poitiers eta Angoulêmera eraman zuten askatasunaren aldeko aldarria. Etxek azpimarratu duen bezala, gorrotoa sentitzen zen herritarren artean. "Afera honek gure baitan erra bat piztu du, botereen kontra, sekulan ezabatuko ez dena. Sekulan barkatuko ez duguna", adierazi du Etchegarayk.

Hamar urteko kontrol judiziala

Aske gelditu bezain laster, kontrol judiziala pairatzen hasi ziren atxilotuak. Oraindik hala dela azaldu du Xantiana Cachenaut haien abokatuak. Hamar urte beranduago bost lagunek ezin dute Estatu frantsesetik atera ikerketa epailea abisatu gabe. Halaber, komisaldegian astean bitan izenpetzeaz gain, pertsona zerrenda luze batekin harremana izateko debekua dute.

Abokatuak aipatu duenez, prozedura bertan behera uztea eskatu diote instrukzio epaileari. "Arrazoi faltsuak erabiliz" oraindik idekita mantentzen dutela dio Cachenaut-k. Haatik, aldi berean, ez dute urratsik ematen: "geldirik dago, erabat".

Estatu frantseseko legediaren arabera, prozedura idekia mantentzeko ez dago eperik, garai hartan atxilotutakoak libre daudelako. Europa mailan, aldiz, "arrazoizkoa" den epea dago. Europara jotzeko, afera Estatu frantsesean hetsia izan behar dela erran du abokatuak, hots, erabakia plazaratu behar du justiziak. Noiz? Inork ez du erantzuna.

Afera trenkatu ez izana "zentzugabea" iruditzen zaio Anaiz Funosasi. Bake prozesuaren baitan prozedura horiei buruzko gogoeta burutzea garrantzitsua iruditzen zaio. Kalakako afera bezalakoak "inongo segidarik gabe" hesten lortu behar direla dio.