Iurre BIDEGAIN

Ez egin jasan nahi ez duzuna

Bizik Sudmineko presidentearen etxearen aitzinean ekintza burutu zuen irailaren 14an. ©Iurre Bidegain
Bizik Sudmineko presidentearen etxearen aitzinean ekintza burutu zuen irailaren 14an. ©Iurre Bidegain

Goizeko 05.00etan lehen iratzargailuak jo du. Dena prest dauka A taldeak. Kamioia kargatua eta ilusioa piztua. Ilusioa eta urduritasuna. Emozio horiek barnean, hasiera ematen dio ekintza berriari. Lehen aldia da bizipen horiek Euskal Herritik hain urrun eramanen dituela Bizik. Azken urteetan erakundeak garatu duen sarea urrats berri hori emateko ezinbestekoa izan dela diote arduradunek.

Zortzietan, ordu eta erdiko bidea egin ondoren, A eta B taldeak Seichebrièresen elkartu dira. Bakoitzak badu zeregin bat. Batek pankartak, besteak kaskoak. Bakoitzak posizio bat. Bera ezker, hura eskuin. Helburu bakarra ordea: Sudmine enpresak Ipar Euskal Herriko 126 kilometro karratuetan burutu nahi duen proiektua deitoratzea, Ama lurra defendatzeko.

"Orain arte ez gaituzte entzun, beraz mezua zuzenean helaraztea erabaki dugu". Horretarako, determinazioak gidatuta, 700 kilometro zeharkatu dituzte ekintzaren parte hartzaileek. Christian Vallier Sudmine enpresako presidentearen etxearen aitzinean burutu dute. Ipar Euskal Herriko biztanleen tokian ezartzea galdetu diote horren bidez. "Zer erranen zenuke zure etxera jiten bagina ziloen egitera?".

Lan ordu luzeak eta koordinazioa behar izan dute Seichebrièresera heltzeko. Mugimenduarentzat taldean lan egitearen garrantzia agerikoa da. Militanteen arteko elkarlanak ez luke zentzurik laguntasuna partekatzen ez balute. Eta hori ongi dakite ingurumenaren aldeko aktibista horiek.

Bakoitzari bere zeregina azaltzeaz gain, norberaren iritzia jakitea ezinbestekoa da barne bilkuretan. Denak ados? Eskuak altxatu eta mugitzearekin adostasuna adierazten dute. Konplizitatez beteriko keinua.