Macronen lan erreformaren kontra Baionan bildurik

Eragile politiko, sozial eta sindikalak Baionan bildu dira Macronen lan erreformaren kontra jotzeko. Eguraldia ez da oztopo izan, ehunka parte hartzaileek beren eskubide sozialen aldarria ozen entzunarazteko.

Kazeta|12/09/2017 11:31|0 commment
Djgvru2w4aedtuv
Sortu berri den Fronte Nazionalak eskubideen defentsa aldarrikatu du Baionan. ©Haritz Larrañaga

Hitzordua 10.30ean finkatua zuten kolore anitzetako sindikatuek, baita Ipar Euskal Herrian sortu berri den Fronte Sozialak ere. Macronen lan erreformen kontra indarrak biltzeko, sindikatuenaz gain, elkarte eta alderdi politikoak batu dira. Eguraldi txarra ez da oztopo bat izan. Ehunka pertsonek lan eskubideen errespetuaren aldarriarekin Baionako karrikak bete dituzte. Lehen kontaketen arabera, 2.000 lagunek parte hartu dute ekimenean.

"Gure askatasun eta eskubide sozialen alde" mezua islatzen zuen pankartak bidea ideki die manifestariei. Langile eta buruzagien arteko ezberdintasunak areagotzen dituen erreforma deitoratu dute mobilizaziora hurbildu direnek. Beren aburuz, langileen babesari kalte egiten dion araudia da.

Normaltasunez iragan da ekimenera, Grenet zubira ailegatu arte. Hain zuzen, bertara ailegatzean "zubi gorria" blokatzea erabaki dute manifestariek. Hogei bat minutuz bertan egon ondoren, herriko etxeruntz abiatu dira.