Kazeta

Hetsi behar zituzten bi gelak mantendu dituzte Citadelle kolegioan

Donibane Garaziko Citadelle kolegioan 3. eta 4. mailako bi gela hetsi nahi zituen Akademiak. Nahiz eta, burasoek erabakiaren kontra jo zuten ez du iritzia aldatu erakundeak. Azkenean, postu horien mantentzea bere gain hartu du zuzendaritzak.

Akademiak Citadelle ikastetxearen eraikinaren berezitasunak aitortzea nahi dute burasoek.
Akademiak Citadelle ikastetxearen eraikinaren berezitasunak aitortzea nahi dute burasoek.

Ikasturte berrian ez dute klaserik hetsi Donibane Garaziko Citadelle kolegioan. Gela kopuru bera mantendu dute ikastetxeko zuzendaritzaren borondateari esker. Akademiak bi gela hestea aurreikusia bazuen ere, Patrice Mongat zentroko zuzendariak hartutako erabakia da. Horri esker, kolegioko ikasleak ez dira 28 gazte baino gehiago izanen gela bakar batean.

Gelak idekiak mantentzeko protesta ugari burutu zituzten burasoek iragan ekainean. Ikastetxeko sarrera blokatzeaz gain, tokiko hautetsiak interpelatu zituzten arazoaz jabetzeko. Halaber, Akademia zuzendariarekin bildu ziren, baina azken horrek jarrera ez aldatzea erabaki zuen. Zuzendaritzaren erabakiarekin pozik daude burasoak baina beren "borroka" segitzeko prest agertu dira.

Hain zuzen, Citadelle ikastetxeko berezitasuna aitortua izan dadin aldarrikatzen dute burasoek. Oroitarazi behar da eraikin historiko bat dela eta horren eraginez, gela batzuk oso tipiak dira ikasle anitz errezibitzeko. Departamenduarengana jo dute baimen berezi bat lortzeko xedez.