Errekak’eau ekimena ospatuko dute irailaren 10ean Kanbon

Errobi errekaren eguna antolatu dute irailaren 10erako Kanboko pilota plazan. Egun osoko egitarauak errekaren garbiketan baita ikastaro pedagogikoetan ere parte hartzeko parada eskainiko du.

Kazeta|08/09/2017 15:20
Aviron3_syndicatdelanive
Hondakinak biltzeko operazioa iruditan. ©Errobi ibarraren Sindikatua

Bigarren urtez, Errekak’eau deituriko ekimena prestatu du Errobiko Ibarraren sindikatuak. Ekimenaren xedea Errobi errekari buruzko informazioa eskaintzea da, besteak beste. Erreka ezagutzeko beste ikuspegi bat erakutsi nahi du erakundeak. Gaia gizarteratu nahi du giro alaitsuan. Horretarako, egun osoko programazioa osatu du irailaren 10erako.

Jokoak, desafioak, erakusketak, ikastaroak…. Hamaika animazio prestatu ditu sindikatuak goizeko 10.30etatik 17.00etara. Goizago, 09.00etan, errekaren garbiketa burutuko dute parte hartzaileek. Izen-ematea beharrezkoa dela jakinarazi dute antolatzaileek. Oroitarazi behar da iragan martxoan Kanbo eta Itsasu artean bost hondakin tona bildu zituztela.

Recycl’Arte elkarteak errekuperatutako materialekin ikastaro bat proposatuko du. Halaber, Koldo Amestoy ipuin kontalariak, Jean-Christain Irigoyen akordeoilariarekin batera, ipuin baten berri emanen du.