Landare eta barazki ekologikoak tokian eta tokikoentzat

Mirentxu Doyenhard eta Jakes Bernet profesionalentzako landare eta barazki biologikoak ekoizten dituzten bakarrak dira. Hori dela eta, eskaera emendatzen joan da 2008az geroztik. Gaur egun, beren ahalmenetatik urruntzen den lan zama dute eta 2018tik aitzina aktibitatea murriztea erabaki dute.

Kazeta|11/08/2017 16:20|0 commment
Med_hazitik-lilia_plants_bio_senpere_imiquelestorena01
Mirentxu eta Jakes Doyenhard landare eta barazki ekologikoak ekoizten dituzte Senperen. ©Isabelle MIQUELESTORENA

Urtetik urtera, barazki biologikoak jateko ohitura garatzen ari da. Mozkinak tokikoak badira, hobe. Anitzetan, eskaerak eskaintzaren mugak gainditzen ditu. Horrek arazo bat eragiten die ekoizleei. Mirentxu Doyenhardek eta Jakes Bernetek badakite zer den hori. Senperen landare eta barazki biologikoak ekoizten dituzte. 2008az geroztik bezeroen zerrenda luzatuz joan da eta gaur egun ezin diote lan zamari aurre egin.

Hori dela eta, zerrenda murriztea erabaki dute 2018tik aitzina. Negu honetatik, 60 profesionali, baratzezain zein Ipar Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Landestako saltzaile, beren ekoizpenak bideratzen dizkiete. Landare eta barazki ekologikoak kopuru handietan ekoizten dituzten bakarrak dira eremu horretan.

Mirentxu Doyenhardek bere proiektua abiatu aitzin, landareak Charente-Maritimetik ekarrarazi behar zituzten. Horrek garraioa ekoizpena bezain garesti izatea suposatzen zuen. Laborantza ikasketak bukatu ondoren, ekoizpen biologikoari buruzko ezagutzak garatu zituen Doyenhardek. 2002an 4.000 metro karratuko lurra erosi zuen bere egitasmoa plantan ezartzeko.

2004an lehen sasoiarekin hasi zenean sei baratzezaini saltzen zizkien ekoizpenak. Ondotik, 15i, eta 2009an 28 bezerori. "Urtero 7-8 gehitzen ziren", zehaztu du. Gainera, zerrenda horri partikularrak gehitzen dira. Etxaldera etorri eta bertan dagoena erosten ahal dute. "Udazkena zaila izan da fisikoki baita psikologikoki ere. Pentsatu genuen orduan horrela segitu eta, ez ginela lan honetan 60 urteetara ailegatuko", aipatu du.

Lan zama ikusirik, laguntza eskatzea erabaki zuten. Hots, bi langile kontratatu zituzten baina hori ez da aski. "Nahiz eta hamar izan presioa bera da. Guk asumitu behar dugu", aitortu du. Kalkuluak egin ondoren, langilerik gabe eta lan zama murriztuz berdin irabaziko zutela ohartu dira. Horren eraginez, erabaki dute langilerik gabe aitzinatzea eta soilik hurbileko baratzezainentzat lan egitea. Hau da, 7-8 bezerorentzat.

Aterabideen bila

Zerrendako beste bezeroen beharrak asetzeko, BLEren (Biharko Lurren Elkartea) laguntzarekin, aterabideen bila dabiltza. "Eskualde mailan eskaera eta eskaintza zenbatekoa den ikertu dugu", azaldu du Maite Goienetxe BLEko teknikariak. Elkarteak landareen ekoizpenari buruzko formakuntzak antolatu ditu. Halaber, "tokiko aterabideen" bila dagoela zehaztu du.

"Denek gure erabakia ulertu dute, baina egia da batzuek ez dutela oso ongi hartu", ohartarazi du Mirentxu Doyenhardek. Bere aburuz, horrek erakutsi du saila hauskorra dela. Tokiko landare biologikoen ekoizleak beharrezkoak direlaz segur da.