Zuhaitz Errasti Mont de Marsaneko kartzelara hurbildu dute

Tarasconeko espetxean zegoen Zuhaitz Errasti Mont de Marsanera hurbildu dute, Etxeratek jakinarazi dutenez. Hiru dira bertan dauden euskal presoak.

Kazeta|09/08/2017 11:25
0807_etxerat_3_copy_
Dispertsioaren aurka, banderolak eskuan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Zuhaitz Errasti presondegiz lekuz aldatu dute. Orain arte Tarasconeko espetxean zegoen, Euskal Herritik 610 kilometro ingurura, hain zuzen. Sare sozialen bidez Etxeratek zabaldu duenez, Mont de Marsanera hurbildu dute, hots, Euskal Herritik 234 kilometrora.

Aretxabaletako gaztea 2009an atxilotu zuten Vienneko herrian, Isere departamenduan. Poliziak ETAko militantea izatea leporatu zion. Aldez aurretik ere atxilotu zuten 2005an Estatu frantsesean. Lau urteko kartzela zigorra agindu zioten. Kondena bete eta, 2008ko azaroan polizia espainiarraren esku utzi eta hiru egun beranduago askatu zuten.

Oroitarazi behar da, Aratz Gomez eta Arkaitz Saez euskal presoak ere Mont de Marsanera lekuz aldatu zituztela uztailean. Estatu frantsesean kondena betetzeko eskaera onartu eta hurbildu zituzten.