Maite UBIRIA

Gailua nahi ez dutenen helduleku da Ahetzeko Herritarren Hitza

Aheztarrei eragiten dieten gaiei buruzko informazioa helarazteko xedea du Ahetzeko Herritarren Hitza plataformak. Hala nola, azken hilabete hautean Linky gailuen afera jorratzen ari da. Indarrak batuz, elkarlanean, gailua ez dutenei laguntza eskaini nahi dio taldeak.

Linky gailuaren kontra diren kolektiboak Ahetzeko herriko etxearen aitzinean elkartu ziren uztailaren 12an.
Linky gailuaren kontra diren kolektiboak Ahetzeko herriko etxearen aitzinean elkartu ziren uztailaren 12an.

Patrick Tohier eta Santiago Capendeguy, hiritar arduratsu lehena, Ahetzeko Herriko Etxean hautetsi abertzale bestea, Linky sartzearen aurkako ekimenean buru-belarri sartuak dira. Biek ala biek lotura estua dute eskarmentu handiko herri plataforma batekin. Ahetzeko Herritarren Hitza du izena eta 2008az geroztik "herritarrei informazioa emateaz gain herriko erakundeen aitzinean indarra egiten du" taldeak. Hasieran abiadura handiko trenaren (AHT) aurkako mugimenduari lotu zitzaion plataforma, 2011. urtean azpiegitura handi horren gainean herri kontsulta sustatuz, CADE kolektiboarekin elkarlanean.

Oro har aheztarren bizitza hunkitzen dituzten egitasmoen gainean informazioa bildu eta partekatzea du xede, horretarako webgunea tresnarik eraginkorrenetarikoa bilakatu delarik.

Capendeguyk GARAri argitu dioenez, "oposizioan jarduten dugun bi hautetsik bereziki preziatzen dugu aniztasun baten baitan pasatzen den lana, eta ahalegintzen gara horren errespetuz herritarrek aitzineratzen dituzten ekimenen gainean lan osagarria egiten herriko etxean".

Horizontaltasuna hobesten duen lan filosofia horretatik, herriko elkarte eta eragileekin informazioa elkartrukatu zuten argindarraren neurgailu adimentsuari buruz. Ondotik udal gehiengoarengana hurbildu ziren Enedisek zituen egitasmoen gainean jarrera har zezala eskatzeko. Ipar Euskal Herriko beste hainbat udalek emandako urratsa hartu zuten eredu, baita ordurako elkarteek landuta zituzten agiriak ere. "Herriko auzapezak, ordea, ez honat ez harat jarrera hartu zuen, Enedis enpresa udal kontseilurat ekarrarazi zuen eta honek power point baten bidez sistemaren onurak azaldu zituen, hortik harago Herriko Etxeak ez du beste desmartxarik egin" oroitarazi du.

Uda hasieran Linky jartzeko prozedura azkartu zuen konpainiak. Biarritzen, Baionan, Hendaian... baita Ahetzen ere. Egutegiaz jabeturik, Ahetzeko Herritarren Hitzan lanean hasi ziren "Linkya beraien etxean sartzea nahi ez zutenek helduleku bat izan zezaten, zer egin eta nola egin jakin zezaten", azaldu du Tohierek. Besteak beste, "enpresa handiek" herritarraren bakardadearekin jokatzen dutelakoz.

Hartara, neurgailua ezartzera etorri aitzin "telefonoz eta abar presioa handia egiten dute jendearengan", aheztarren eskutik taldeak jaso dituen lekukotasunek egiaztatzen dutenez. Baliabideak, halere, badira. Gailua errefusatzeko prozedura zehaztua da, eta irteera ezberdinak ahal dira hartu. Esaterako, kontagailua blokeatzea. Prozedura bermatzeko justizia agente baten interbentzioa beharrezko izanik, "kostuak partekatzeko desmartxa kolektiboak" erraztu nahi ditu plataformak. Herritarren eskutik taldeak herri agintariak interpelatzeko lanarekin jarraituko du, "behingoz hautu egokia har dezaten".