Kazeta

Prefetak bere erabakia deuseztatzea galdetu dio Arbonari

Linky kontagailuen instalazioa oztopatzeko, erabakiak hartu zituen Arbonako Herriko Etxeak uztailaren 5ean. Gutun baten bidez, horiek deuseztatzea galdegin dio Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Herriko Etxeak eskaera errefusatu duela aipatu du.

 

Enedis-eko langile batek hiru Linky kontagailu ezarri zituen uztailaren 27an Arbonan. © Josiane Mertsch
Enedis-eko langile batek hiru Linky kontagailu ezarri zituen uztailaren 27an Arbonan. © Josiane Mertsch

Orain arteko joera segitu du Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Hain zuzen, herri batek Linky kontagailuen aurka hartutako erabakien kontra jo du orain arte. Tarnoseren hautua ezeztatu ondoren, Arbonako kasuan ere ildo bera jarraitu du.

Herriko Etxeak gutun bat jaso zuen abuztuaren 3an. Suprefeta den Catherine Séguinek instalazioa oztopatzen duen erabakia bertan behera uztea galdetu dio eskutitzean. Bere erranetan, gailu berrien instalazioa deuseztatu daiteke ordena publikoari eragiten badio. Gutunean aipatzen duenez, Arbonako herriak ez du frogatu ordena publikoan eraginak agertu direnik.

Arbonako Herriko Etxearen deliberamenduaren arabera, herritarrek kontagailua aldatzeko asmoa baldin bazuten, Enedisek zerrenda bat bidali beharko zion. Ondoren, arbonarrek hautetsiekin aztertu beharko zuten kontagailua aldatu nahi zuten edo ez.

Arbona eta Tarnose ez dira Linky kontagailuen kontra agertu diren bakarrak. Baionan, Jean-René Etchegaray auzapezak Enedis enpresari gutun bat bidali zion bere betebeharrak zeintzuk diren oroitarazteko. Hots, herritarrak informatu eta ez inposatu gailuen instalazioa.