Xabi LARRALDE

Cortiko egunak 2017

PLAZA LIBREA- Corsica Libera mugimendu independentistak antolatuta, nazioarteko jardunaldiak egin dituzte asteburu honetan Korsikako Corti hirian. Bertan, besteak beste, Kataluniako, Euskal Herriko, Kurdistango, Sardiniako, Bretañako, Polinesiako, Kaledonia Berriko eta Guyanako ordezkaritzak bildu dira. Xabi Larralde EH Baiko kideak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.

Kataluniako erreferendumaren aldeko argazkia. (NAIZ.EUS)
Kataluniako erreferendumaren aldeko argazkia. (NAIZ.EUS)

2014ean FLNC-k (Korsikako talde armatuak), alde-bakarreko behin-betiko su-etena iragarri zuen. Iragarpen honek burujabetzaren aldeko prozesu politikoari bide emateko helburua zuen; aitzineko urteetan, Kortsiko Biltzarrak (Lurralde Kolektibitatearen parlamentua) eraikitako hiru akordioek prozesu politikoaren oinarriak finkatu zituztelarik. Izan ere, FLNC-ren borroka armatuaren amaieraren iragarpenaren aitzinetik, hiru ebazten bozkatu zituen Korsikako Lurralde Kolektibitatearen Biltzarrak. Lehena, Korsikaren estatus aldaketaren aldekoa, gaurko Lurralde Kolektibitatearen estatusa gaindituz, Korsikaren nazio-identitatea aintzat hartuko duen Autonomia estatus baten aldeko ebazpena. Bigarrena, lurra-etxebizitzaren eremua egoiliaren estatus baten arabera arautzearen aldeko ebazpena, espekulazio bortitzari aurre egiteko helburuz, merkatuaren "legearen" eremutik atera eta, lurra-etxebizitza Korsikan bizitzeko proiektua dukatenentzako eskubidea gisa kokatuz. Hirugarrena, preso politikoen amnistia eta askatze osoaren aldeko ebazpena. Gaurko frantses legalitatearen (konstituzioaren) eremua gainditzen dituztela jakinda ere, hiru ebazpen horiek gehiengo zabalez onartu zirela nabarmendu behar da.

Prozesu politikoaren garapenaren haritik, 2015eko abenduan eman ziren Lurralde Kolektibitatearen hauteskundeetan abertzaleak nagusitu ziren. PNC eta Kortsica Libera mugimenduek lorturiko akordioaren bitartez boterea irabazi eta G. Simeoni korsikar gobernuaren Lehendakaria bilakatuz, eta J. G. Talamonik Biltzarraren Lehendakari kargua eskuratuz. Emaitza hori korsikar mugimendu abertzalearentzat lorpen historikoa da, bere historian boterea ez baitzen sekulan iritsi. Halaber oso azpimarragarriak dira ere iragan ekainean frantses hauteskunde legebiltzarrei begira mugimendu abertzaleak lorturiko emaitzak. Izan ere, mugimendu abertzaleak 3 diputatu erdietsi ditu (4 hautesbarruti daude), bere historia osoan diputatu bakar baten lortzea ez zuelarik sekulan lortu. Hartara iragan hauteskunde legegileen emaitza historikoekin FLNC-ren aldebakarreko behin-betiko su-etenak idekitako prozesua guztiz zilegiztatua gelditu da Korsikar herriaren partetik. Halatsu, emaitza hauek aberzaleek bi urtez soilik Lurralde Kolektibitatean egindako gestioarekiko babes itzela ematen diote.

Azken urte hauetan Korsikan eman diren aldaketa sakon horien eraginez, frantses gobernua bere jarrera moldatzera behartua izan da, 2016ko udan, ondoko iragarpenak eginez:

Arlo instituzionalean: Estatus politikoaren aldaketarik ez, baizik eta barne moldaketa bat, indarrean dauden bi departamenduen ezabaketarekin.
Hizkuntza arloan: Korsikar hizkuntzarentzat ofizialtasunik, baizik eta eredu elebidunaren garapen bat irakaskuntza arloan.
Lurra-etxebizitzaren eremuan: Egoiliar estatusari ez, baizik eta ondare transmisioari begirako fiskalitatean salbuespenezko normatiba baten onarpena.
Presoen gaian: Amnistiarik ez, baizik eta gaurko legalitatearen aplikapena.

Aldaketa hauek 2018eko urtarrilean gauzatuko dira, departamenduen ezabaketarekin Lurralde Kolektibitatearen marko berria indarren jarriz. Eta ondoko abenduan, hauteskundeak iraganen dira berriz, Lurralde Kolektibitate berritu honen gobernua hautatzeko. Horiei begira guztiz irabazgarria duen erronka dauka mugimendu abertzaleak: gobernua berriz eskuratu, eta legealdiak iraungo duen ondoko 6 urteetan, aldaketa kualitatiboak finkatuko dituzten politikak martxan jarri.

Garrantzi handiko testuinguru politiko honen baitan ideki dira Cortiko nazioarteko egunak, askapen mugimenduen ordezkaritza zabala bertaratuz: Euskal Herria, Polinesia, Kanakia, Guyana, Katalunia, Bretainia, Sardia.


Larunbatean, Korsikar Biltzarraren Lehendakariak – J. G. Talamonik - nazioarteko ordezkaritzak korsikar hizkuntzaren Erakunde publikoaren egoitzan errezibitu ditu, gobernuak eta parlamentuak daramaten jarduera azalduz. Arratsaldean, nazioarteko ordezkaritza bakoitzak bere Herriaren eta nazio askapen prozesuaren egoeraren aurkezpena egin du. Ondotik, Korsika, Kanakya eta Euskal Herriko konponbide prozesuen inguruko puntu bat egin da, preso politikoen auziari arreta berezi bat dedikatuz. Horri begira, euskal preso politikoen kasuan bezala, Parisek korsikar presoen kartzela politikan aldeka guti ditu eman dituela azpimarratu behar da. Nahiz eta uharteko kartzelara hurbilketak eman diren, besteak beste, baldintzapeko askatasun galderek ezezko sistematikoek jasotzen dituzte. Honen aurrean, Amnistiaren aldeko korsikar mugimenduak hainbat mobilizazio iragarri ditu datozen hilabeteei begira.

Igandeko egunaren gai nagusia autodeterminazio erreferendumen inguruan finkatu da.

. Alde batetik, udazkenean emango den Kataluniako erreferendumaren prestaketaren inguruko azterketa eginez.

. Baita ere 2018ko urrian Kanaky-an emanen den independentziaren inguruko erreferendumaren lanketa jorratuz.

Kanakya-ko egoerak arreta berezi bat merezi du. Izan ere hango egoera politikoa autodeterminazioaren aitortzan oinarrituriko konponbide prozesu batek ezaugarritzen du.

Prozesu hori kokatzeko merezi du oroitaraztea 1988an Bake akordioak adostu zirela. Akordio horiek Estatu frantsesa, Kanakya-ko alderdi frantsesak, eta hango mugimendu abertzalearen artean (FLNKS) osatu ziren. Bake akordio horietan, Kanakya-ri autodeterminazio eskubidea aitortua izan zitzaion, honi begira, frantses konstituzioan xedapen berezi bat gehituz. Horrekin batera, bake akordioetan amnistia prozesu baten oinarriak finkatu ziren.

1988ko bake akordioen izenpenduraz geroztik autodeterminazio erreferendumaren data etengabe gibelatua izan da. Azkenean, kasik 30 urteen ondotik, datorren urtean iraganen da Kanakya-ko erreferenduma. Eta dudarik gabe, 2018ko urrian Kanaky-an emanen den autodeterminazio erreferendumak Estatu frantsesaren zapalkuntzan dauden gure Nazioentzat garrantzi handiko hitzordua suposatzen du.