Titto BETBEDER

Aie Aie Aie Kamarada, nola aldatu(tzen)(ko) diren gauzak… 3

IRITZIA- EPP, Eusko Jaurlaritza eta Euskarabideak plazaratu duten VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzei buruz hausnartu du Betbederrek. Bere aburuz, datuak kontutan hartuta, "garrantzitsuena da hiztunen galtzeko joera gelditu dela".

Ttitto Betbeder iruditan.
Ttitto Betbeder iruditan.

Lehen aldiko, elebidunen kopurua ez da gehiago apaltzen.

Joan den astean iragarri dira VI. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta hau da, Ipar Euskal Herriko, datu garrantzitsuena.

(Emaitzak: http://www.mintzaira.fr/eu/berriak/actualite-en-basque/article/vi-inkesta-soziolinguistikoa.html )

2011ko inkestan, 51.100 euskaldun bazeuden hiru probintzietan (16 urte gehiagokoen artean); 2016an beraz, 51.200. Afari batean, nire auzoetarik batek bota zuen irriño batekin "txalotu egin behar ditugu medikuntzaren aitzinamenduak" emaitza horientzat. Baina bai, serioskiago, datu historiko bat dugu hor : azken 100 urtetan (eta seguraski lehenagotik), euskarak gibel egin du gure iparraldeko gizartean eta hor, duela gutti arte etengabetzat jotzen genuen dinamika bat gelditzen da.

Horrelako inkesta baten akats-tarteek eta izariak (telefonozko inkestak) ezin dute segurtatu egiazki 100 bat euskaldun gehiago baden guretartean, edo 200 gutiago, eta horiek hiztun osoak diren ala ez - tesia bat euskaraz idazteko edo Goizberriko saioan gomita izateko gaitasuna duten ala ez - garrantzitsuena ez da hor. Garrantzitsuena da hiztunen galtzeko joera gelditu dela.

Beste elementu bat azpimarratu behar da ere. Inkesta soziolinguistikoaren unibertsoan, 16 urte baino gehiagoko pertsonak inkestatuak dira. Hots, 2016ko emaitza horietan agertzen diren pertsona gazteenak 2000 urtean sortu dira, eta adin tarte gazteena beraz (16-24 urte artekoa) 1992 eta 2000 urteen artean sortu gazteek osatzen dute.

Urte horietan, hizkuntza politikarik ez zen Ipar Euskal Herrian. Lehen aldiko, Hizkuntza Politika publiko baten oinarriak pausatzen ziren Euskal Herriko Hitzarmen bereziarekin, 2001 urtetik goiti plantan ezarriko dena. Ordurarte, Euskalgintzako eragileek eramaten zuten bakarrik hizkuntza politika osoa. Eta ondorioz, joera aldaketa honen emaitza euskalgintzaren lorpena da. Honek merezi du azpimarraztea : batetik, txalotzeko egin den (eta egiten den) lana; eta bestetik, egiazko itxaropena hor baita: hemendik goiti, ondoko inkestetan agertuko dira Hizkuntza Politikaren "emaitzak".

Inkestaren emaitzek agerian ematen digute ere 1990-2000 hamarkada, inflexio epealdi bat izan dela Ipar Euskal Herriko 1990an Euskal Kultur Erakundearen sortzea; 1992an “Euskal Herria 2010 prospektiba”, Hautetsien eta Garapen Kontseiluen sorrerak; 1993-94 : Seaskak kontratua lortzen Hezkunde Nazionalarekin; lizeoko Terminale klasea 1996an irekitzen da ; beti irakaskuntza arloan, 1994an Historia geografia euskaraz idatzen ahal da brebetan eta 1996an baxoan; euskalgintzan hainbat sortze eta egituraketa (1996an Euskal Konfederazioa; 1997an Euskal Irratiak federazioa;…); 1996an lehen EHZ festibala; euskal departamenduaren aldeko mugimenduak; Lizarra Garazi…. Eta beste hainbeste.

Ez da dudarik mereziko duela epealdi hori zehazkiago ikertzea, eta gibeltasun pixkatekin. Inkesta soziolinguistikoaren emaitzek erakusten digute epealdi horretan bultzatutakoek, pasatu orenek, eman indarrek… bai, ondorio izan dutela…