Orain dela hiru urte izandako ekaitzak EHZ elkartearen patrikak astindu zituen, diru galera handia ekarri zuen eguraldi txarraren jokaldiak eta geroztik ezer ez da berdin izan Euskal Herriko zaharrena den jaialdi handian. Gogoeta sakon baten ostean formulazioa aldatu zuten elkartekideek, hala, oinarriak egokituta, ekonomikoki bideragarria eta luzera begira iraunkorra izan daitekeen jaialdia antolatzeko deliberoa hartu zuten. Badirudi azken bi edizioei erreparatuta bide onean dela proiektua, baina bultzada hori ez da aski izan geroa ziurtatzeko. Horrela, bolo-bolo dabil azkenengoa izan ote daitekeen zurrumurrua, eta urte luzez Ipar Euskal Herriko barnealdeari hainbeste ekarri dion jaialdiak hegoak zabaldu ditu laguntza eskaeraz gain egitarau erakargarria osatzeko.
Alderaketak egiteko intentziorik gabe, EHZ ez da Azkena Rock Festival, ezta Bilbao BBK Live ere, "No pub" eredua baitauka ardatz, publizitaterik gabeko guneak iparrorratz gisa ukanik, edo, elkarteak egoki adierazten duen bezala, "laguntzailegoan oinarrituriko antolakuntzaren bitartez, jatorri eta eremu sozial ezberdinetako gazteen arteko trukaketa eta ezagutza bultzatzea" du xede. Eta antolaketa modu hori, eredu desberdin hori jaialdiaren ikur modura zenbaitetan aipatu izan bada ere, ez dago soberan behin eta berriz gogora ekartzea.
Azken urteotan bezala Lekornen ospatuko da jaialdia, Garroko gazteluaren pentzeetan. Eta haur, gazte zein helduentzat egitarau zabala prestatu dute. Orain, eguraldiak bere aurpegirik onena eskaintzea baino ez da falta. Xerrenda gunean eskainiko diren eztabaida eta tailer desberdinek osatzen dute lehenengo atala; antolakuntzatik dioten eran, "Euskal Herrian eta munduan egunez egun jendarte askearen alde ari diren dinamikak ezagututa" heien iniziatibak aberastea dute xede. Ostiralean "Ekonomia feminista", larunbatean "Europako Batasuna burujabetzaren etsai", "Autodeterminazioa bake prozesuan", "Bortizkeria gabeko komunikazioa", "Asanbladen funtzionamendua, botere harremanak ardatz" edo "Maskulinitatea" tailer eta eztabaidak garatuko dira; igandean ere izanen da zer entzun eta hitz eginik arlo honetan, "Clowna" tailerrarekin eta "Erresistentzia" eztabaidarekin.
Gerezieta gunean ikusgarriak eskainiko dira hiru egunetan, honela han agertuko dira Biarritzeko hip hop dantza konpainiako Dance School, Arberoako txaranga, edo Bikes and Rabbits konpainiak eskainiko duen "The books are made for walking" obra surrealistaren antzezpena.
Ezin ahaztu, bestalde, Zelaia guneko eskaintza; gaita, txistua, eskusoinua, tuba edo perkusioak hartuta Burrunka taldeak sortu duen ikusgarri berria; Zpeiz Mukaki dantza taldeak ezustekoak emateko duen gaitasuna; Lapurdiko Moi-Moi kolektiboak sortutako “Momo” korala, hastapen batean pretentsio handirik gabe sortutako ikuskizuna, baina Itoiz, David Bowie, Rita Mitsouko edo Beatlesen moldaketak eskainiz gozamena sortzen duena. Ezin ahantzi haurren txokoa ere, eta bertako produktuekin osatutako jaki eta edari zerrenda. Erakargarritasun handia du edizio berri honek, irudimenak diruak ez duen gaitasuna duelako baitan.